Energia berriztagarrien alde egiteko unea dela erran du Kumi Naidook
Ekintza eta parte-hartzaile gehiagorekin iritsi da Literaktum, eta hitzean eta pentsamendu kritikoan oinarritutako ekimenerako gonbidatu apropos batekin, Greenpeaceko Kumi Naidoorekin. Baita «Txori Mugariak» irrati performancea bezalako proposamen bitxiekin ere.
Maider IANTZI | DONOSTIA
XXI. menderako paradigma ekonomiko eta sozial berrien inguruan mintzatu zen atzo Kumi Naidoo, Greenpeace Internationaleko zuzendaria, Donostia Kulturak antolatutako Literaktumeko lehenbiziko hitzaldian. Ondoan izan zuen, aurkezpen lanetan, Miren Gutierrez, erakunde horretako zuzendaria Estatu espainiarrean.
Giza eskubideen aldeko Hegoafrikako aktibistak gazterik ekin zion apartheidaren aurka borrokatzeari, desobedientzia zibila tresna gisa hartuta. 19 urterekin umezurztegi baten ardura hartu zuen, baina Polizia atxilotzera joan eta haurrak ere eramaten zituela-eta, uztea eta klandestinitatean bizitzea erabaki zuen. Geroago, Gobernura batzeko aukera sortu zitzaionean, nahiago izan zuen gizarte zibiletik gobernua kontrolatzen segitu.
«Hagitz momentu inportantean gaude, arazo larria daukagu, aldaketa klimatikoa, eta denbora gutxi aurre egiteko. Fukushimak aukera ematen digu energia iraultzan serio pentsatzeko eta energia berriztagarrien alde egiteko, hauek onak baitira ingurunearentzat eta baita ekonomiarentzat ere», baieztatu zuen. Erran zuenez, ehuneko ehunean energia berriztagarriekin funtziona dezakegula frogatu dute Greenpeacen.
Adibide gisa, aipatu zuen Alemanian industria nuklearrak 30.000 lanpostu sortzen dituela, eta energia berriztagarriek, aldiz, 300.000. «Gainera, anitzez aukera gehiago dute hazteko eta txikiagoak eta sakabanatuagoak dira».
Desberdin pentsatu
Pozarren zegoen aldaketa klimatikoaren kontrako nazioarteko kanpainaren bozeramailea Donostian egoteagatik eta Literaktumen parte hartzeagatik, halako ekimenak, kritika eta desberdin pentsatzea, konponbidea lortzeko garrantzitsuak izan daitezkeela pentsatzen duelako.
«Baina baikorrak izan gaitezke?», galdetu zion kazetari batek. Aktibistak erantzun zuen bera baikorra dela, konbentzituta baitago herri mobilizazioak eta iritzi publikoak gobernuak aldatzera behartu ditzakeela.
Hitzaldi mamitsu honen ondotik, makina bat ekintza etorriko dira Literaktumera maiatzaren 25era bitartean. Adibidez, astelehenean (20.00etan, Lugaritzen) Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Stephane Garinek osatutako hirukoteak «Txori Mugariak» izeneko irrati performancea eginen dute.
«Leku ezberdinetako artisten elkarlana sustatzea gai bezala hartu, eta ikuskizun edo gertakari bat sortu dugu iparrari buruz. Informazio mordoa bildu dugu ideia hau lantzeko: zientziatik, literaturatik, gure sorkuntzetatik... Eta erreferentziak nahasiz, zuzeneko irratsaio antzeko bat eginen dugu, koreografia bat elementuen elkarrizketekin», agertu zuen Erkiziak.
Lujanbiok erantsi zuenez, «Txori Mugariak» izenburuarekin txori migrariak ekarri nahi izan dituzte gogora, eta paradoxa hori iradoki, migraritik mugarira. Hamaika elementu emanen dizkiote entzuleari, gero honek lotzeko eta bere istorio berezia osatzeko.
Título: «El Método».
Autor: Juli Zeh.
Editorial: Mondadori, 2011.
Páginas: 255.
Precio: 18,90 euros.
«Ez dira berdinak, izarrak eta urtaroak, ekonomia eta kultura. / Munduko ekonomia handiak, Hegoaldea husten du Iparraldea aberasteko. / Kultura txikiak, gureak, Iparraldea behar du, husten ari den Iparraldea, Hegoaldea aberasteko. / Non hasten da Iparralde bat? / Bada Iparraldetik areago Iparralderago bat, iparralderago eta iparralderago, hegoalderaino doana». Halako hausnarketak bilduko dituzte «Txori Mugariak» ikuskizunean. Eta, irratizaleak direnez, komunikabide honen magia baliatuko dute, bertze testuinguru batera eramanez. Badakite bakoitzak zer elementu dituen, baina ez noiz eta nola erabiliko dituen. M. I.