GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA haur literatura / ipuina

«Xola eta Ameriketako izeba» Gogoak ematen digunean

Xabier ETXANIZ ERLE

Xola zoriontsu bizi zen, oso zoriontsu. Gogoak ematen zionean ateratzen zen etxetik, eta gogoak ematen zion lekura joaten zen. Gero, gogoak ematen zionean, etxerako bidea hartzen zuen, batzuetan poliki eta beste batzuetan azkar, zer eskatzen zion gogoak». Hitz hauekin hasten da «Xola eta Ameriketako izeba» ipuina. Atxaga eta Valverderen txakurrak hamabost urte bete baditu ere, lehen liburuetako Xola bera aurki dezake irakurleak ipuin honetan ere; eta hasieratik ikus daitekeen bezala, Xola, gogoak ematen diona egiten duen txakurra denez gero, oso zoriontsu bizi da.

Bernardo Atxaga, txakur bitxi eta erakargarri honen liburu guztietan bezala, oraingoan ere, ideia baten inguruan ari da, askatasuna, norberak egin dezakeena, gogoak ematen diguna egitea... eta Xola izango dugu erabaki eta uste horien guztien protagonista nagusia, baina ez bakarra. Xolak telebista kate baten aurrean eginiko adierazpen batzuek Grogo jaunarengan ezinegona sorraraziko dute. Xola rara avis bat da; askatasun handia (agian handiegia) duen txakurra da eta Ameriketako Wyomingen bizi den izeba Clementineren bisita dela-eta, Grogo jaunak aspaldi gordeta zuen Xola lotzeko katea utziko du bistan.

«Hitz egin beharra daukagu, Xola» (14. or.) esango dio Grogok txakurrari egoera azaldu nahian, baina Xolaren jarrerak eta telefono dei batek etengo dute elkarrizketa eta Grogo jauna aireportura abiatzen denean Xolak gauza bat aurkituko du etxean: «Bat-batean, atentzio eman zion normala ez zen zerbaitek. Etxe sarrerako kakoan zintzilik, kate bat zegoen. Hobeto begiratu, eta orduan jabetu zen: bai, garai batean hura jartzen zioten lepoan. Harekin lotuta ateratzen zuten paseatzera» (18. or.).

Egoera are gehiago nahasteko Xolak telebistan ikusiko duen dokumental batek Wyomingeko lady batzuk erakusten ditu txakurrak lotuta paseatzen.

Xolak bizi duen askatasun garai amaieraren aurrean ote gaude? Grogok beharbada neurri batzuk hartu beharko direla uste du; Xola ere harrituta dago lady edo amona haien jokabidearekin: «Bistakoa zen katea eta Clementineren bisita erlazionatuta zeudela (...) andre hura Wyomingeko lady bat zen, eta Wyomingeko ladyek txakurrak lotuta eramateko ohitura zuten (...) Oso kezkagarria zen kontu hura. Benetan» (20-21. or.).

Clementine, baina, ez da ohiko emakumea. Gogoak ematen diona egiten duen pertsona baizik, eta Xolak jasan beharko du beste baten gogoa. Horrela, poliki-poliki, txakurrak, izeba Clementineren jarreraren aurrean, eskatu eta exijituko ditu arau batzuk: «Etxe honetan ordu biak baino lehen bazkaldu izan dugu beti», «Denetik jan behar da!», oso egoera xelebrea eta bitxia sorraraziz.

Atxaga eta Valverdek oso istorio interesgarria eskaintzen digute. Ohi bezala, irudiek ederki osatzen dute idazlana; guztiz adierazgarriak dira Xolaren aurpegi ezberdinak; Mikel Valverdek trazu gutxi batzuen bidez ederki lortzen du txakurraren -eta gainerako protagonisten- espresioak adieraztea. Eta ipuinaren irakurketan -testuarenean eta ilustrazioenean- bada, aurreko Xola bildumako liburu guztietan bezala ironia eta umorearentzako lekua. Istorioak, urteak eta gertakariak pasa arren, Xolak ez baitu gugan harridura eta irribarrea sorrarazteko indarra galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo