GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezkatak dir-dir, zapore festa Bermeon

Itsasoa eta Bermeo, Bermeo eta itsasoa estuki lotuta daude eta hori erakustera dator bertan atzo hasi zen Arrain Azokaren edizio berria. Aurten antxoa izango da jaiaren ardatza, lau urteren bueltan geure itsasoan harrapatu delako berriz ere. Festarekin arrantzaleen eta kontserba enpresen ofizioa bultzatzeaz gain, kostaldeko herri honen egunerokoa zein den erakustea da xedea. Bihar arte izango da nahi adina arrain ikusteko eta jateko parada.

p022_f04_250x120.jpg

GARA |

Zilar kolorea, begi distiratsuak eta itsasoko usain bizi-bizia. Atzo goizean eman zitzaion hasiera Bermeon Arrain Azokaren 17. edizioari. Jaia goizean hasi zen, eta ordurako jendea inguruan zain zegoen, ikusminez eta produktuak dastatzeko gogoz. Betiko legez, arrain baten inguruan ospatzen da jaia eta aurten antxoa izango da protagonista. Lau urtean bertako bokartarik gabe egon ostean, Bermeoko portura bueltatu da, etxekoa eta etxekoek arrantzatua beraz. «Ezin genion hutsik egin», adierazi zuen Bego Gangoiti azokaren koordinatzaileak.

Bestetik, Arrain Azoka elkarteak urtero banatzen duen Hegaluzea Saria eman zion atzo herriko Santa Vera Cruz Kofradiari. 1550. urtean sortua, ehun kide baino gehiago ditu eta urtero, prozesioez gain, Aste Santuan Bermeon ospatzen diren ekitaldi liturgikoak antolatzeaz arduratzen da.

Epaimahaikideek kultura arloan egin duen ekarpena eta lana aitortu nahi izan zuten, euren egitekoarekin «Bermeoren izena eta bertako tradizioa mantentzen laguntzeagatik». Euren jarduera, orain lau mende baino gehiago sortu zenetik, ez da sekula eten, eta hori saritzea bidezkoa zela nabarmendu zuen Gangoitik.

Kofradiako arduradunek Nestor Basterretxeak diseinatutako saria jasoko dute, baina hori datorren ostiralean izango da, Kasinoaren behealdean dagoen aretoan, 13.30ean.

Saria 1997. urtean eman zuten aurrenekoz, eta Bermeoren izena edozein arlotan -kultura, kirola, enpresa, gizartea, ekonomia...- zabaltzen duen pertsona edo erakundea goraipatzea du helburu.

Salerosketa simulazioak

Programari dagokionez, produktuen salerosketa eta kontsumoa uztartuko ditu. Olatu erraldoiaren eskulturaren alboan jantoki izango den karpa jarri dute. Bertan askotariko arrainak probatzeko aukera izango da, menu nahiz errazio gisa. 12.00etatik 17.00etara eta 19.00etatik 22.30era egongo da zabalik, bihar arratsaldean izan ezik, bazkariaren ostean itxi egingo baitute gunea. Gaur edo bihar bertaratu nahi duen orok tiketak bertan erosi ahal izango ditu.

Arrain salmentaren simulazioak ere etengabe irudikatuko dituzte. Ikusleen artean arrakasta handia duten ekimenak dira horiek, askok horrelakorik ikusten duten lehen aldia izaten baitute. «Geurea bezalako herri arrantzale batean portuko salerosketa da gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat -dio koordinatzaileak- eta, horregatik, hori erakustea garrantzitsua da, jendeak bizimoldea hobeto uler dezan». Arrantzaleak itsasotik arrain mordoarekin ailegatzen dira portura, saltzeko prest, eta beste aldean, erosleak izaten dira, produktua prezio onean eskuratu nahian. Bi elementu horiek direla-eta, urduritasun eta bizitasun handiko unea dela baieztatu du Gangoitik.

Salmenta itxurak Kofradia Zaharrean izango dira, 11.30etik, 13.00etara eta 17.00etatik 18.30ra, bihar arratsaldean izan ezik.

Esan bezala, antxoaren edizioa dela kontuan harturik, bere tratamendua zein den eta zein ezaugarri dituen ezagutzeko erakusketa izango da. 12.30etik 19.00etara -Udalarrantz karpan-, bertatik bertara erakutsiko diete ikusleei zein den antxoa arrantzatu eta kontserba latara iritsi bitarteko prozesua. Oraindik «eskuz eta banan-banan egiten dira xerrak, bokartaz bokarta», azaldu du. Makinak erabili gabe, beraz, prestaketa guztiz artisaua da. «Aurreneko aldia da ekintza hau egiten dugula eta, egia esan, oso aproposa da lanaren kultura barreiatzeko».

Sabela bete helduek eta txikiek egingo dute, baina nagusiek produktuak erosten dituzten bitartean, seme-alabek antolatuta dauden tailerretan parte har dezakete; itsasoarekin lotutako eskulanak egiteko aukera, ikuskizunak eta dantzaldiak. Hori guztia Haur-gazteen Txokoan izango da, ikastolaren inguruan zabaldu den karpan, hain zuzen.

Gaztetxoek, berriz, Urpeko zinema zikloa izango dute doan Nestor Basterretxea aretoan. Gaur «Odontaspis Ferox» eta «Lembeh, magico y maravilloso» eskainiko dituzte eta bihar, «Arrecifes en peligro» eta «Buceando con cefalópodos».

Helburu bikoitza

Azoka honekin helburu bikoitza bete nahi dute. Batetik, sektoreko enpresa eta arrantzaleei bultzada ematea, euren lana ezagutzera emanez. Eta bestetik, herri arrantzale baten ezaugarriak ezagutaraztea; horregatik antolatzen dituzte salmenta simulazioak, esaterako. Hau jai giroan eginda, askoz hobeto, gainera: «Lana eta aisialdia batzen ditugu, bata gabe bestea ez baita posible», dio Gangoitik.

Hamazazpigarren ediziora iritsita, jendeak aurreneko egunean bezain ondo erantzuten du, «festa atsegina delako». Portuaren inguruan giro polita sortzen dela dio, eta azoka, Bermeok jada dituen eskaintza guztiei gehitzen zaiela baieztatu du. «Azoka ez da bertako produktuak erosi eta dastatzea soilik», amaitu du.

aparkalekua

Aurten ere aparkalekuak antolatu dituzte, bertaratutakoek autoak herrira ez sartzeko. Portu zaharraren sarreran autoa non utz daitekeen adierazten duten kartelak egongo dira.

PLANTXAN

Arraina egiteaz Josu Mendizabal arduratuko da, azken zazpi edizioetan egin duen bezala. Plantxan eginda, menu gisa edo zatika kontsumitu ahal izango dira itsasoko produktuak.

banan-banan

Bokartaren sektorekoek proposatu zuten jendaurrean erakustea nola xerratzen duten antxoa bakoitza banan-banan eskuz. Horixe da aurtengo berritasuna. Udalarrantz karpan izango da 12.30etik, 19.00etara, bihar arratsaldean izan ezik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo