HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Hautagaiari gutuna
Mikel SOTO
Bildur dira. Publikoan eta, antza denez, pribatuan ere bai, Rubalcabak ezker abertzalea hauteskundeetan egongo ez zela ziurtatu zuenetik, inkestak eskatu eta indar bakoitzak bere mugimenduei ekin zien. PSOEk errepresioa estutu zuen, Aralarrek eta EAJk NaBaitik EA kanporatu, Hamaikabatek eszisioa gauzatu eta, batez ere, bakoitzak tiraderatik kalkulagailua atera zuen: zenbat boz, balizko zer itun, zenbat kargu.
Baina ez zituzten kalkulu guztiak ongi egin: batzuk Rubalcabarekin fidatzeagatik eta Rubalcabak berak bere nahia ez zen beste guztiari muzin egiteagatik, erratu egin dira. Eta orain bildur dira. Emaitzak, itunak, karguak desagertzen doazelako.
Horregatik, atzera berriz hasi dira azken 10 urteetako lelo berdinekin; lehen gure bozek ez zeukaten baliorik. Orain, gure proposamenek. Harrigarriena, hauteskunde programa bakartzat PSNrekin ituna lortzea duten Aralarrek eta EAJk gure instituzio-proposamenak irrealak direla esatea. Atzoko bozek, gaurko proposamenek, bildu- rra baino gehiago, terrorea sortzen diete.
Ezin zuten imajinatu boz baliogabe horiek bide hau egingo zutenik. Neuk ere ezin imajina nezakeen, Maiorga, Eva, zuek buru zareten zerrenda hori nire txartel baliogabeen oinordekoa izango zenik.
Ni, Estatuaren zerrenda beltz horietako beste 39.999 kideak bezala, pozik nago norbaitek bildurra astindu eta gure programa politikoa hautes- tontzietan biltzeko urratsa egin duelako. Gure ilusiorako, haien bildurrerako, Bildu gara.