Kanoren omenezko plaka paratu dute berriz Iruñeko Caldereria karrikan
1977an polizia batek buruan tiro eginda hildako Jose Luis Kanoren omenezko plaka berri bat paratu zuten atzo Iruñean. Urtero horrela egiten dute Ahaztuak 1937-1977 taldeak deituta, Udalak jarri eta egun gutxira oroigarria kentzeko agintzen badu ere.
Martxelo DIAZ |
Urtero bezala, Iruñeko Alde Zaharreko Caldereria karrikan Jose Luis Kanoren omenezko plaka paratu zuen atzo Ahaztuak 1937-1977 taldeak, 1977an bertan polizia batek buruan tiro emanda hil zuela gogorarazteko. Urtero ere berriz paratu behar dute, egun gutxira Udalak plaka kentzen baitu.
Ahaztuak 1937-1977 taldeko Karlos Otxoak atzo nabarmendu zuenez, plakaren gorabeherak argi erakusten du Estatu espainolean «ustezko trantsizioaren» ostean izan den inpunitatea.
Izan ere, polizia batek bitan pistola hartu eta bere kideek aldez aurretik jipoitutako Jose Luis Kanori lepoan tiro egiten lekuko ugarik ikusi bazuten ere, hilketaren egileak ez zuen inolako zigorrik jaso, 1977an indarrean sartu zen Amnistiaren Legea delakoaren onurak jaso zituelako.
«Modu honetan arau hori Amaiera Puntuko Lege bilakatu zen», esan zuen, Hego Amerikako militar kolpistek zigorretik ihes egiteko erabili zutenaren antzera.
Kanoren hilketa 1977ko maiatzaren 8tik 15era Euskal Herri osoan Amnistiaren Astea ospatzen zela gertatu zen. Otxoak nabarmendu zuenez, aldarrikapenerako aste zena dolu aste bilakatu zen, indar errepresiboek zazpi euskal herritar hil baitzituzten.
Bide batez, Otxoak salatu zuen Iruñeko karriketan faxista ugariren izenak ageri diren bitartean, Udala Kanoren hilketa gogorarazten duen plaka behin eta berriro kentzeko grina horrekin oroimen historikoa ezabatzeko ahaleginean ari dela.
Kanoren hilketaren auzia Fermin Ziaurriz abokatuak hartu zuen 1977ean. Atzo ezin izan zuen Caldereria karrikara joan, baina Bakartxo alabak irakurri zuen testuan oroitarazi zuenez, epaile militarrek polizia hiltzailea epaitzeko ardura hartu zuten eta berehala aske utzi zuten, Amnistiaren Legea erabiliz.
Gero, bide zibilari ekin zioten eta orduan Balearretarara eraman zuten polizia Kanoren familiari indemnizazioa ordaintzera zigortu zuten. «Modu honetan, sinbolikoki bada ere, hemen gertatutakoa argitzea lortu genuen», esan zuen.
Halere, 34 urte geroago, Iruñeko Udala plaka ezkutatzen saiatzen da, alferrik izan ere.
«Herriak ez du barkatuko» eta «Policia, asesina» oihuak entzun ziren Caldereria karrikako horman ikurrina kendu eta Kanoren omenezko plaka erakutsi zutenean. Amaitzeko, bildutakoek «Eusko gudariak» abestu zuten.