Komunistek euren gotorleku nagusiak galdu dituzte Indiako eskualde bozetan
Orain artean bere bi gotorleku nagusi izandakoak galdu dituzte komunistek hauteskundeetan, Mendebaldeko Bengala eta Kerala. Aldiz, izugarrizko bultzada jaso du Gobernu zentraleko aliatu Trinamool alderdiak. Azken honek du, hortaz, Indiaren etorkizunerako giltza.
GARA
Indiako Alderdi Komunista-Marxistak egur itzela jaso du herrialdeko eskualde hauteskundeetan; ez bakarrik hautesleen sostengu eskasa jaso duelako, dozenaka urtez bere eskuetan izandako hainbat gotorleku ere galdu dituelako baizik. Mendebaldeko Bengalaren kasua da esanguratsuena, non 34 urtez segidan boterean izan ostean, oposiziora igaro diren komunistak, hilabete iraun duten bozen emaitzen ondorioz.
Mendebaldeko Bengalako Biltzarrak dituen 294 eserlekuetatik 72 soilik eskuratu dituzte komunistek, zehazki; gainerakoak, Gobernu zentraleko aliatu nagusi Trinamool alderdiak bereganatu ditu, hots, 222 jesarleku.
Mamata Banerjeek gidatzen duen alderdi erregionalistak aise jakin du herritarrek komunistekiko zuten atsekabea kapitalizatzen; adituen arabera, ekonomia hazkunde eskasa, industriaren gainbehera, langabezia kuota altua eta zor publikoa maneiatzen ez dute asmatu orain artean agintean izandakoek, eta aldiz, nekazariengana hurbildu eta langileei lan-eskaintza duinak agintzeak mesede egin dio geroz eta sostengu handiagoa duen Banerjeeri.
Haatik, astinaldia ez da Mendebaldeko Bengalara mugatu komunistentzat, Kerala eskualdeko gidaritzak ere egin baitie eskuetatik ihes; kasu horretan, alde urriarekin izan da, ordea, lau diputatuen aldea atera baitie Gobernuan diharduen Kongresuaren Alderdiak. Gauzak horrela, Tripurako eskualdea da mantentzea lortu duten bakarra.
Eskualdeko bozek bultzada berri bat eman diote Gobernu zentralari, Assam eskualdea ere bereganatu baitu Kongresuaren Alderdiak. Etorkizuna okerrago irudikatzen da komunistentzat, gotorleku nagusiak galduta, bere jarraitzaileak mobilizatzeko gai ote diren ikusi beharko baita.
Trinamool alderdia Kongresuaren Alderdiaren aliatu nagusia da Kongresuan, eta Parlamentuan boterea eskuratzeko ezinbesteko giltza da, aldi berean. Trinamoolek, beraz, rol garrantzitsua beteko du Indiaren etorkizunean.