GARA > Idatzia > Euskal Herria

Europako belaontzirik zaharrenak Baionako portuaren iraganera bidaiatzeko aukera eman du

Ehun eta hamabost urte bete ditu «Belem» belaontziak. Kakao, azukre eta rona garraiatzeko 1896an eraikia, gaur egun itsas ondarearen ordezkari nagusietarikotzat hartzen dute. Baionako portuan amarratuta, belaontzia ezagutzeko aukera izan dute herritarrek.

p026_f0171139.jpg

Baionako Edmond Joy kaiak iraganeko itsas abenturen ipuinetara bidaiatzeko aukera eman du asteburu honetan. Gaur egun gehienbat industria zereginetarako erabiltzen duten portuko espazioari ohiz kanpoko itxura eman zioten hirurogei bat metroko altuerako altzairuzko hiru haga luzeek.

Berrogeita hamar metroko luzerarekin, gaur egun Europan den belaontzirik zaharrena da «Belem», eta mota horretako handiena. 1979an ontzia hondatzekotan zirela, Belem fundazioa sortu zen, itsas ondarea mantendu nahian. Geroztik, hogeita bi belaz osaturiko ontzi ikusgarria itsaso eta portuak zeharkatzen dabil, ondasun horren edertasuna guztioi ezagutarazteko. Angeluko Itsas Gogoa elkarteari esker, Baionako herritarrek belaontzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, bisita gidatuak antolatu baitzituzten atzorako. Baina ostiral arratsaldean bertan ere askoren jakin-mina piztu zuen lehorreratua zen hiru hagako ontziak, eta jendea trumilka inguratu zen kaira iraganeko irudi hori preziatzeko.

«`Belem' Baionara ekarriz gure elkartearen xedea portuaren iragan historikoa berpiztea da», adierazi zuen Andre Bocquier elkarteko arduradunak.

Izan ere, XIX. mendean itsasoz itsaso salgaiak garraiatzen zituen azken frantses belaontzia da «Belem». Adolphe Dubigeonek eraikia, 1896an itsasoratu zuten Nantesen.

«Dubigeonek belaontzi txikia, dotorea, azkarra eta indartsua eraiki zuen 675 tonako merkantziak eraman ahal izateko», argitu zuen elkarteko arduradunak.

Merkataritzatik luxuzko ontzira

Sei hilabete nahikoa izan zituzten altzairuz eta zurez eginiko belaontzia eraikitzeko. 1914ra arte Atlantiko itsasoa zeharkatzen aritu da «Belem» ontzia. Amazoniako kakao babak lehenik, eta ondotik rona eta Antilletako azukrea garraiatzeko baliatua izan da urte luzaz. «Baionako portuaren historiari ere hein batean lotuta dago `Belem', txokolatea egiteko kakaoa Baionatik sartu baitzen lehenik duela laurehun bat urte», nabarmendu zuen Bocquierek.

Baina, Lehen Mundu Gerrarekin belaontziaren zeregina aldatuz joan zen. Ingalaterrako Westminsterreko dukeak erosi ondoren, lehen merkataritzako erabilia zenak yacht edo luxuzko belaontziaren itxura hartu zuen. Bertan berrogei bat lagun jaso ahal izateko birmoldaketak egin zituzten. Nolanahi ere, Ingalaterraren banderapean ere itsaso zabalak zeharkatzen jarraitu zuen «Belem»-ek. 1951n, berriz, Italiako Cini Fundazioaren esku jarri zuten, eta azkenean, Belem Fundazioak 1979an erosteko aukera izan zuen. 1984ko otsailean historia monumentu izendapena lortu zuen belaontziak.

«Belem» belaontziak izandako ibilbide historikoa mantendu nahi izan du fundazioak. Bost urtez berritzen aritu ondoren, eskola-ontzitzat baliatu izan dute, eta gaur egun ere, gidatzeko ikastaroak antolatzen dituzte bertan. Bocquierek azaldu duenaren arabera, gehienbat Europako itsas bazterrak zeharkatzen dituzte gaur egun. «Behin izan du aukera Quebeckera joateko, hogeita zortzi eguneko bidaia eginez», zehaztu zuen.

Baionan asteburuan egindako egonaldiaren ondotik, Mediterraneora abiatzeko asmoa dute, Tangerreko eta Maoko portuetara hain zuzen ere. «`Belem'ek betiere berrogei bat laguneko taldeak hartzen ditu. Bidaiariek belaontziko egunerokoan parte hartzen dute, eta antzinako belaontzien nabigazio moldean trebatzeko aukera dute», gaineratu zuen.

Belaontzia urte osoan zaindu, konpondu eta gidatzen duten zortzi marinelek, hogeita bi belak banan-banan bildu zituzten ostiralean, hiru eguneko egonaldirako prestatzeko. «Elkarte gisa, `Belem' bezalako ontzi bat urtero ekarri nahiko genuke Bizkaiko golkora, eta Donostiako badiara ere gogotsu eramango genuke `Belem' belaontzia», esan zuen Bocquierek agurtu aurretik.

Ainize BUTRON

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo