2011ko maiatzaren 14. egunean balea berriro agertu zen Orion
Orion eta euskal kostaldean azken balea arrantzatu zela 110 urte bete ziren atzo, eta herriak ospakizun galanta izan zuen. Euria ere bertan izan zen zaparrada txikiak botaz, eta aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu zuen arren, ez zuen giroa usteldu. Arrantzalez jantzita eta aterki artean, 110 urteren ondoren, balea hori berriz arrantzatu zuten, baina oraingoan, animalia galtzeko arriskuan delako edo, sendatu eta berriz ere itsasora bidali zuten.
Maddalen LARRINAGA
Balearen arrantzan garrantzi handia izan du Oriok. Izan ere, euskal kostaldean, Orioko arrantzaleek harrapatu zuten azken balea, dinamita eta arpoiak erabiliz. Historiak dioen bezala, bost traineru atera ziren animaliaren bila eta garaile irten ziren guda horretan. Ordutik 110 urte igaro dira, baina arrantzale horiek egindako esfortzua ez du ahaztu herriak, eta hori dela-eta, 2001etik, bost urterik behin, Balearen Eguna ospatzen dute bertan. Jon Redondo Orioko alkateak aurkezpen egunean azaldu zuenez, «herriko arrantzaleek egindako balentria hura gogorarazteko» ospatzen dute festa. Herritarrek jokatzen duten kale-antzerkia, herri bazkaria eta beste hainbat ekimen antolatzen dituzte. Aurtengo ospakizunak atzo eraman zituzten aurrera, hain zuzen ere, maiatzaren hamalaugarren egunean.
Goizeko 11.30ean hasi zen Balearen Eguna. Arrantzaleen jantzia zen atzo eraman beharreko janzkera, eta euria ari zuen arren, abarketak ez ziren etxean gelditu; hala ere, batek baino gehiagok arropaz aldatu behar izan zuen goizean zehar. 1901. urtera itzuli izan balira bezala, garai hartako egun normal bateko zereginak plazaratu zituzten omenaldia egiteko antolatutako antzerkian.
12.00etako kanpai hotsekin batera, balearen agerpena iragarri zuten, «balea agertu da!», zioten herritarrek. Aurreko ediziorako eraiki zuten tramankuluak egin zituen balearen egitekoak. Berehala, bost traineru atera ziren ibaira haren bila. Arrantzale berri horiek gogotsu agertu ziren, euria ari bazuen ere, barru-barruan daramaten festa baita. «Herriko etxe guztietan baten batek hartzen du parte. Ni traineruan agertzen naiz, baina nire semeak dantza egiten du», zioen batek.
Modernitatearen arrasto bezala, 1901eko balea autobidearen zubi azpian harrapatu zuten atzo, eta dinamitak egiten dituen eztandak su artifizialez ordezkatu zituzten.
Balea noiz etorri zain gelditu zirenak aterpe bila ibili ziren eta eguraldia zen elkarrizketan gai nagusia. Pozik zebiltzan arren, aurreko edizioetako eguraldi polita aipatzen zuten denek. «Eguraldiak eragin handia izan du gaur, ona egin izan balu ikusleria bikoitza edukiko genukeen», zioen aita batek. Guztientzat jai eguna zen atzokoa, baita haur txikientzat ere. «Eskolan irakasten diete balearen istorioa, denek ezagutzen dute». Baita Benito Lertxundik ezagun bihurtu zituen bertsoak ere, plazan herri guztiak abestu baitzituen batera. Ehiza ondoren, arrantzaleak balearekin itzuli ziren portura herritarren animo hitzek lagunduta. «Badator balea!», zioen emakume batek, «balea harrapatu dugu!», zioen traineru batean zihoan batek.
Antzerki handi honen zuzendaritza lanetan Iñake Irastorza aktorea ibili da, baina berak azaldu zuenez, zuzendaritza baino koordinazio lanetan aritu da. «Korapilatsua izan da hau guztia zuzentzea. Korapilatsua jende asko dagoelako sartuta. Borondatez dator jendea, adin ezberdinetakoak dira, batzuk lanetik datoz, beste batzuk ikastetik... Orduak antolatzea oso korapilatsua izan da», azaldu zuen atzo Irastorzak.
«Lermatuta atera da antzerkia azkenean eguraldiagatik, gauza batzuk ezin izan ditugu egin kalean eta azken unean aldatu egin behar izan dira». Hala ere, aktore lanetan aritutako herritarrak gogotsu aritu ziren egun osoan. «Goizean animoso etorri dira eta ez dira triste jarri. Aurrera jo dute eta hori eskertzekoa da», nabarmendu zuen pozik Irastorzak. «Eguraldiak nahi baino eragin handiagoa izan du, baina, hala eta guztiz ere, nahiko ondo atera da guztia».