GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker BIZKARGUENAGA Kazetaria

Euskal Herriak «aski da» esan zuenekoa

Kanpaina hasierako gau zirraragarriaren ostean, urduri samar eman dugu astea, artega, maiatzaren 5eko gauerdi horretan, pozik egonagatik, jakin bagenekien-eta askok ez zutela gogo onez onartuko Bildu hauteskundeetan egotea.

Eta asmatu genuen. Izugarria izan da zazpi egunetan hedabide batzuek azaldu duten amorrua. Egunero hamaika egunkari irakurtzeko ohitura dugunok, sekula ez ikusitakoak ikusi ditugu egun hauetan, ezkerreko koalizio abertzalearen boto-txartelak hautestontzietan egon ez zitezen. Mende laurdena kartzelan eman duen euskal herritar baten adierazpen askatasuna ere auzitan jarri dute, Bilduri kalte egin ziezaioketelakoan.

Zer esan Yolanda Barcinak Aizarotzen emandako espektakuluaz. Autobusean argazkilariak sartu, Basaburura abiatu, argazkia ateratzeko leku estrategikoa aukeratu, eta kriminalizazioaren gurpilari bultza egin zion, ea arerio politikoa kanpoan uztea lortzen zuen.

Esan bezala, horrela igaro ditugu egunak, eta ia ez gara konturatu aurreko asteetan herri honetan gertatu denaz. Ni ez nintzen Bilboko Areatzan edo Iruñeko Udaletxe aurrean egon, lanean nengoela sufritu bainituen -eta nola gainera- epaia ezagutu aurreko orduak. Baina bertan egondako lagun asko ezagutzen dut, eta denek bat egiten dute bizitakoa oso hunkigarria izan zela esatean.

Bilduk sufritu duen jazarpenak aspaldian lozorroan zegoen zerbait esnatu du euskal gizartean. Baliteke aurretik giroa jadanik bero egotea, Estatu espainolak maltzurkeria asko egin baitu -bere ohiturari jarraituz, edonola ere- konponbide demokratiko baten bila gogo biziz ari den herri honen kontra. Dozenaka atxiloketa, torturak, Sorturen kontrako epaia... eta azkenean urak gainezka egin duela ematen du. Herri honek kalera ateratzeko ohitura handia dauka, eta mobilizazio ikusgarriak egin ditu, baina egun hauetan zerbait desberdina sumatzen da giroan. Elektrizitate estatikoa moduko zerbait, ileak dantzan jartzen dizkizuna. Uste dut aspaldiko partez Euskal Herriak «aski da» esan duela eta Estatuak atzera egitera behartuta ikusi duela bere burua, alternatiba askoz txarragoa izango zelakoan.

Esnatu berri den zerbait hori berriz ere lozorroan sartzen ez bada, etorkizuna irabaziko dugu. Inposizioaren mugak gaindi daitezkeela frogatu dugu. Gaindi ditzagun, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo