Julen MURGOITIO
Urrunetik hurbilera, bumerana
Urrunetik hurbilera. Urruneko Mediterraneoan berriro ere da gertatu. Patera handi bat hilotzez betea heldu zen lehengoan kostara. Eta hauxe kolpea! atera zen kosta berera heldu ere, bumeran sindromea edo. Zerbaiten bila iparrerantz bizirik atera zirenak ezer gabe bueltatuak izan ziren hegorantz hilik. Non eta gerra-ontziz, petrolio-ontziz eta bidaia-ontziz josita dagoen itsasoan.
Tira, gertaera horren harira ACNUR erakundeak gogoratu egin berri du nazioarteko itsas zuzenbideak zigorra eskatzen duela erreskatea behar dutenei laguntza ematen ez dietenentzat. Orduantxe ulertu dut nik, behingoz ulertu ere, zergatik nazioarteko lur zuzenbideak ez dituen zigortzen bankuak erreskatatzera atera ziren Estatuak. Argi da erreskateak, eta zuzenbidea bera, desberdinak direla, itsasoan izan edo lehorrean izan. Amen.
Honantz hurbilduz kanpainarekin egin dugu topo, lurrikarak lurrikara, eta arrainetan azokaz azoka. Kanpaina, bai; bertsolariak kolpe batean bota zuena gogoan: «mando baten gainean bestea alajaina!» Ganorazko politikarentzat total antzuak izaten diren hamabost egunen aldian gara. Behin-behinean gorra geratzeko gogoaz nago, nire entzumenak belarri jausitako grebaz mehatxatu nau eta. Inoiz ez dute hitzek hain esangura gutxi izaten, kanpainan beste. Badakit erantzunik ez duen galdera dela, baina ez dut inoiz ulertu zergatik egunotan aldarrikatzen duten boterean egonda egin ez duten hori. Galdera bota eta bueltan datorkit, bumeran modura. Gauza bat behintzat onartu behar zaie bide bazterreko hesitzarretan agertzen diren buru horien atzean ezkutatzen direnei, kanpainan inoiz ez bezala mugitzen dituztela gorputz-adarrak, distantziatik agindutako mugimendu sinkronizatuen bidez edo. Irudi-kanpaina da, funtsean. Irudia eta imajina gorde behar dituzte, itxuraz behintzat, kasu askotan ezinezkoa bazaie ere, teknologiarik aurreratuenaz eta guztiz. Galtzerdiak ez dira eskuetarako!
Eta horra hor jelkideen buruak lehengoan hainbat mikrofonori xuxurlatua, hots, Bildu legezko izateko kontatu ezin diren gauzak egin behar izan dituztela. Uuu! Hauxe beldur ikarak hartu nauena! Euskal zinema beltzaren abiapuntua ote? Bildu beldur paratzeko ote? Bumerana laster da bueltan, bototan orain. Orduan bai, batzuk uuuuka.