Imanol Azpiroz Sanmarko Mankomunitateko lehendakari ohia
Ilusioaren indarra
Errauste plantaren obrak korrika eta presaka hasi zituzten, maiatzeko hauteskundeetako emaitzen beldurrez
Kalkulatu ezina da jendearen ilusioak duen indarra, gu geu ez gara horretaz konturatu ere egiten.
Egun hauetakoa izugarria izan da; herri txiki bat estatu batekin lehian, auzo lana estatu batek duen tresneriaren eta hedabide gehienen aurka, eta hala eta guztiz ere, ilusioa garaile. Pozik egon behar dugu, baina hankak lurrean mantenduz aparra burura igo gabe.
Lortutakoa bidearen urrats bat da soilik, garrantzitsua baina urrats bat. Bide horretan jarraitu behar dugu, lanean jarraitu behar dugu burua tente dugula eta ideiak garbi. Erakundeetako indarra berreskuratu behar da, baina herriko talde eragileen indarra ahaztu gabe. Beste politika bat, beste eredu sozial bat nahi dugu gure Euskal Herriarentzat, baina hori behetik gora egiten da. Erakundeak eskaintzen dituen baliabideak, gure baliabideak, herritarrekin batera beste norabide batean jarri behar ditugu aldaketa lortu nahi badugu.
Hurrengo legealdian erronka handiak ditugu, batez ere azpiegituren arloan. Errauste plantaren obrak korrika eta presaka hasi zituzten, maiatzeko hauteskundeetako emaitzen beldurrez. Dena lotuta uzten saiatu arren, beti egongo da atzera botatzeko bidea, baina horretarako indarra lortu behar da. Errauste planta gelditu nahi bada, erabaki gogorrak hartu beharko dira udaletxe, mankomunitate eta Aldundian. Horretarako gauzak garbi izan behar dira eta beldurrik ez. Bide erdiko erabakiek, denekin ondo geratzeko moduko erabakiek, ez dute ezertarako balio. Errauste planta egiten da edo erraustu gabeko hondakinen politika egiten da, nahastutako zaborraren bilketaren alde egiten da edo zero zabor politika eta gaikako bilketaren alde egiten da. Ez du balio errauste plantaren aurka zaudela esatea eta gaikako bilketa modu zaharkitu batean mantentzea, gehiena nahastuta biltzen jarraituz.
EAJk eta PSEk erabakia hartu zuten guztion gainetik errauste planta egiteko, H1ekoek kafeak prestatzen zizkieten bitartean. Askotan mokoka azaldu arren, azpiegituren aferan bi alderdiak gauza bera dira. Jaurlaritzan PP-PSE paktua dagoen bitartean, Diputazioan EAJ-PSE paktua da legealdi honetan indarrean egon dena eta mantendu nahi dutena. Hiri hondakinen Partzuergoa da Egibar jaunak bultzatutako «batu gaitezen»-en adibidea. Aurreko legealdian Sudupe jaunak Sanmarkoko lehendakaritzatik dimititu zuen, proiektuak aurrera egitea lortu ez zuelako. Une hartan, Odon Elorza aurka zuen, baina geroztik elkarrekin egin dute apustua. Orain gure esku dago gehiegikeria irentsi edo jendearen ilusioa bilduz proiektua gelditzea. Altxa burua eta sinetsi ilusioaren indarraz.