GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA

EAJk itun itxiak eta fronteak gainditzeko apustua iragarri du

p011_f01.jpg

Iñigo Urkullu EAJko buruak «itun itxiak eta fronteak» gainditzeak duen garrantzia berretsi zuen atzo, eta «lankidetza eta irekitze dinamika berrietan sartu» beharra dagoela adierazi zuen. Izan ere, PPk PSEri Lakuako Gobernua osatzerakoan emandako babesa dela-eta, horien arteko paktua «mehatxua» dela azaldu zuen, PSEk PPri sor dion «faktura» dela argudiatuz.

Urkulluk EAJk Gasteizen eginiko ekitaldian parte hartu zuen atzo. Bertan izan ziren Xabier Agirre Arabako Diputazioko hautagaia eta Gorka Urtain Gasteizko alkategaia ere, baita Aguraingo alkategai Iñaki Beraza ere; azken hori Hamaikabat alderdiko kidea.

Patxi Lopezen agintaldia oinarritzen duen PSEren eta PPren arteko akordia beste instituzio batzuetara zabaltzeko aukeraz ere mintzatu zen Urkullu, eta batez ere, bien arteko akordioa maiatzaren 22tik aurrera Arabako Diputaziora «zabaltzeko arriskuaz».

Atzo bertan Patxi Lopez lehendakariak eginiko adierazpenen ostean zabaldu zuen EAJko buruak mezu hori. Lopezek PSEren eta PPren artean ez dela «fronterik existitzen, ezta existituko ere» azaldu ostean. EAJk «indar abertzaleen» metaketarako egindako «deia» kritikatu zuen Lopezek, eta horrek «berriro banatuko gaitu, eta euskal herritar batzuk besteen aurka jarriko gaitu», gaineratu zuen.

Bestalde, EAJk gaur egun bizi den «bake eta bizikidetza normalizatuaren itxaropena» nabarmendu zuen, eta Euskal Herriarentzako «esparru berriarekin» konprometituta dagoela azaldu zuen.

Era berean, EAJren proposamena «instituzioen egonkortasunean» oinarritutako eredua dela gaineratu zuen.

PSE

Buenek atez atekoa atzera botatzeko konpromisoa hartu du

Miguel Buen Gipuzkoako Diputaziorako zerrendaburuak PSEk kudeatutako udaletxeetan ez dela atez ateko zabor bilketa ezarriko adierazi, eta horren aldeko konpromiso «tinkoa» helarazi zuen. Horretaz gain, atez ateko bilketa ezarrita dagoen udalerrietan agintea hartuz gero, baita oposiziotik ere, baliogabetzeko ahaleginak egingo dituela argitu zuen.

Buenek ingurumenaren defentsaren aldeko ekitaldi batean parte hartu zuen, Andoaingo alkategai Estanis Amutxastegirekin, Plazaolako trenbide zaharraren bidean. Amutxastegik ere atez atekoaren kontrako ideia bera berretsi zuen: bera alkate den bitartean inoiz ez dela atez atekoa ezarriko, «Bilduk inposatu nahi duen bezala». Bosgarren edukiontzia defendatzen dute, «inposizio sistema» horren aurrean, «sistema eraginkor eta iraunkortzat».

Buenek, bere partetik, Gipuzkoako Diputaziotik energia garbiak eta espazio publikoetan energia eraginkortasuna lortzeko konpromisoa ere hartu zuen.

Aralar

Bakearen bidea ireki ostean, berau «bermatuko» duen alderdia dela dio

Aralarren Legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok atzo Gasteizen egindako ekitaldian, alderdiak bakerako bidean «bidea ireki» duela plazaratu zuen. Izan ere, Ezenarroren hitzetan, Aralarren «inork, inolako baldintzetan, ez du biolentzia justifikatuko», esan zuen.

Era berean, PSE eta PP alderdiek osatzen duten «fronte espainolistaren» aurrean, eta hauek bultzatutako eskubide sozialen murrizketen aurrean, Aralarrek «boto eraginkorra» ordezkatzen duela azaldu zuen Ezenarrok.

Bestalde, lan erreformaren eta pentsioak izoztearen moduko neurriak Diputatuen Kongresuan EAJren babesari esker aurrera atera direla gogora ekarri zuen Ezenarrok. «PP Arabako instituzioetara itzultzea saihesteko boto eraginkorra Aralar da», berretsi zuen.

Bere partetik, Ainhoa Beola Donostiako Udalerako zerrendaburuak atzo adierazi zuenez, Gipuzkoako hiriburuak «zaborren atez ateko bilketa sistema beharrezkoa du, baina bosgarren edukiontzia ere bai».

PP

Iturgaiz: «Bildu bozkatzen duenak ETAri munizioa ematen dio»

Bildu izan zuen hizpide atzo PPk, Barakaldon egindako ekitaldian. Horrela, Carlos Iturgaiz Europako parlamentariak azaldu zuenez, Bilduri boza ematen diona «ETAri munizioa» ematen ari da. Era berean, «borreroak udaletxeetan sartzea barrabaskeria da, eta Espainiari, askatasunari, demokraziari eta terrorismoaren biktimei traizioa egitea» dela ere esan zuen.

Ekitaldi berean parte hartu zuen Antonio Basagoiti PPko presidenteak. Basagoitik, hauteskunde hauetan «askatasuna eta oparotasuna, bakea eta ekonomia» daudela jokoan azaldu zuen. Horretaz gain, Bilduko hautagaiak ez direla «sinesgarriak», eta «betikoak» direla ere erantsi zuen. «Ahal dutenean betikoa egingo dute», gaineratu zuen PPko buruak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo