ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA
Bozka egiteko gosea islatu duen BECtekada
Witterreko mezuetan «BECtekada» etiketa aukeratu zuten guztiak ez zebiltzan oker, ez. Ondo aseta, bapo, atera ziren bertaratu zirenak. Baina aldi berean, gosez, boza ema- teko gosez, urte askotako gosea nonbait, eta Euskal Herriko egoera iraultzeko gosea. Betekada eta gosea, Betagarri eta Gose-ren laguntzaz.
Ramon SOLA
Bere erraldoitasunean hotz-hotza ematen du BECek, hutsik dagoenean. Kanpaina honen batez besteko parte-hartzea ikusita, areto nagusia alokatu izanak zalantza guztiak piztu zituen: Handiegia ote? «BECtekada» etiketa zerabilten, ordea, Twitterren bitartez Bilduzaleek, baikortasunez.
Horiek 17.30eko zalantzak ziren. Ordu erdi geroago uxatuta zeuden. BECtekada, bai. Eta nork uste zuen, ba, ezinbestean toki hotza dela hori? Betagarrik bero galanta eragin zuen, latza, pabiloia kolorezko banderez betetzen zen bitartean: ikurrinez, Nafarroako ikurraz, Bilduren banderaz... Zeresanik ez zertxobait geroxeago, gasteiztarrek ``Internazionala'' eta ``Bella ciao'' lotu zituztenean, ska eta rock erritmoez.
Baina BECtekada ez zen bakarrik jende aldetikoa izan. Sentimenduz, alaitasunez, mezu berriez, inoiz ikusi gabeko aurpegiez, etorkizun grinez bete zen Barakaldoko areto handia. Harmailak horrela ikusita, ezin zela isilik gelditu onartu zuen Bakartxo Ruizek: «Nahiko lukete beste batzuek, bai, horrelako herri baten aurrean egon, hemendik ikusten dudana ikusi». «Ez dakite zer egin duten, herri honen gauzarik onena aterarazi dute», erantsi zuen gazte nafarrak.
Komunikazio zuzena eta estua sortu zen azkar, hizlarien eta ikusleen artean. «Gora zuek!», bukatu zuen Oskar Matutek. Herriaren esanetara, herriaren zerbitzura, egongo direla ziurtatu zuten hizlari guztiek. «Zuek zarete olatua, zuek», adierazi zuen Idoia Ormazabal gipuzkoarrak. Eta kontrako norabi- dean, txalo zaparrada jaso zuten Bildurekin konpromisoa hartu duten hautagai guztiek, euskal presoei eskaini zietenaren parekoa.
Gazteak
Txaloen ondoren, txistu batzuk. Bideo labur batean Bilduk dituen erronken hainbat arerio agertu ziren: Zapatero, Obama, enpresariak, Imaz... Eta atzera txaloak, lehenengo gazte abertzaleentzat (Maider Karrere, Garazi Taberna eta Jonathan Martinez) eta gero oholtzara igotako hautagaientzat.
Ekitaldiaren hasieratik ia ordu eta erdia pasatua zen Gose taldearen txanda heldu zenean. Baina jendea ez zebilen asperturik, ezta gutxiagorik ere. Atsedenalditxoa gertatu zen, ezinbestean, ehunka hautagaiek ohol- tzara igo behar izan zutenean. Emakume asko, langileak guztiak, gazteak gehienbat. Aurretik beterano batek hartuak zituen lehenengo txaloak: Periko Solabarria sindikalistak agurtu behar izan zuen bere aurpegia pantailan ageri zenean.
Mapa guztietan
Ezin hautagai guztiei hitza eman, eta herrialde bakoitzeko ordezkari bat mintzatu zen: Arabako Idoia Zapirain, Bizkaiko Amaia Agirrezabalaga, Gipuzkoako Idoia Ormazabal, Nafarroako Maiorga Ramirez. «Aldaketa» hitza nabarmendu zen haien hitzaldietan. Garai berriak. «Aukera historikoa», Pello Urizarren hitzetan. Helburua argi definitu zuten bertsolariek: «Mapa guztietan agertuko da herri hau». Estatua izango da, beraz. Hamaikagarrenez entzun ziren orduan «Independentzia!» oihuak.
Bi ordu baino gehiago emanda, amaieraren txanda heldu zen. «Pote batzuk hartzera joan zaitezte, baina bihartik aurrera etxez etxe eta atez ate joan, hori da eskatzen dizuedana, asko dago jokoan», animatu zuen Bakartxo Ruizek. Ordurako argi zegoen aholkurik ez zutela behar bildutakoek, atzo bapo irten, baina oraindik ere gosez daudela. Zortzi urteko gosea, kasu askotan. Beste betekada baten esperantzan hustu zen BEC: iganderako, hautestontzien betekada.