Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Demokraziaren aldarrikapena, «a la espańola»
Espainian, hala ere, seguru kapazak direla herria «deuseztatzeko» gobernua baino lehenago; hori bai, demokratikoki. Hamaika ikusteko jaioak garaNork pentsatuko zuen mobilizazioek astindu behar zutela Estatu espainoleko hauteskunde kanpaina gatzbakoa? Ematen du konturatu direla alboko auzokideak, geure herrian demokrazia horren ustel hatsa aspalditik heltzen bazaigu ere.
Hiri batean zein bestean burutzen ari diren mobilizazioak hasi dira aldarrikapen zehatzak gorpuzten. Ez dut esango aldarrikapen justu edo zuzenak ez direnik, baina ez diet, zoritxarrez, ibilbide luzerik aurreikusten. Ezin da ezarrita dagoen sistema «politikoaren» kontra egin eta ahalegindu jarrera «apolitiko» batetik egiten. Ezin da salatzen diren alderdietatik aldendu ekimenerako deirik gabe. Kontraesankorra da jokabide eta jarrera batzuk salatzea, baina, aldi berean, erantzuleak ez seinalatzea eta fakturarik pasatzeko ahaleginik ez egitea.
Benetako demokrazia aldarrikatzen ari dira. Eta demokrazia «herriaren gobernua» dela gogoratu arren, kontzeptuetatik harago, demokrazia ordezkatzailean daukatela arazoa hartu beharko lukete kargu. Edo akaso uste dute hauteskunde legea aldaturik ezer konponduko dela? Akaso uste dute PPSOE ez diren beste alderdi batzuei ordezkaritza handiagoa emanda ezer aldatuko dela?
Ez al dute ikusten, adibidez, Estatu espainolean erreferendumik ez egiteaz gain, egon diren saiakera apurrak galarazi eta jazarriak izan direla? Gainera, honezkero abisatu diete, «elkarrizketa» agian bai, baina edozein lege aldatzeko parlamentuko gehiengoak egin behar duela, eta hor ez daukatela herritarrek esku sartzerik. Hau da, elkarrekin argazki bat ateratzeaz gain, ezer gutxi.
Ez da benetako arriskua. Eta horretaz arin konturatu da botere politikoa. Hasiera batean, «antisistema» etiketa ipintzen ahalegindu baziren ere, arin konturatu dira sistemaren partaide izateaz gain, lantzean behin sistemak bere sostengurako behar duen «erantzun demokratikoa» osatzen dutela. Horrela, pare bat egunetan alderdi guztien enpatia eta sinpatiak hasi dira jasotzen. Rubalcaba ulerkor dago, jendea pozik ez egotea normala dela dio, eta txar guztien artean akaso txarrenak ez izateko domina eskegi du jakan.
Izquierda Unida-ren zuzendaritzak ziur elkarri zorionak ematen ari direla, herria, behingoz kasu egin, eta eurek aspalditik esaten dutenarekin bat etorri delako, nahiz eta Izquierda Unidak berak ere ez jakin zer den esaten dutena.
Eta onena Rajoy, alderdi politikoak errudun ez egiteko eskaturik. Nor bestela? Azkenean herria bera izango da bere zoritxarraren erruduna eta, hein batean horrela bada ere, argumentazio horretatik jarraiki, gobernuak amaitu beharko luke herria «deuseztatzen», gobernuak daukan herria jadanik ez litzatekeelako euren asmoetarako baliagarria izango.
Espainian, hala ere, seguru kapazak direla herria «deuseztatzeko» gobernua baino lehenago; hori bai, demokratikoki. Hamaika ikusteko jaioak gara...