Haurrei naturaren orriak irakurtzen erakusteko bi liburu aurkeztu ditu Elkarrek
Antton Kazabonen «Letrak elurretan» eta Eneko Bidegainen «Zorionak, Marko» lanek badute lokarri bat; naturarekiko sentsibilitatea, Internetez eta liburuez gain bertze orrialde batzuk irakurrarazteko nahia.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Aitonak, bilobak eta lehengusinak baserrian bizi duten abentura kontatzen du Antton Kazabonek «Letrak elurretan» liburu berrian. Oiartzungo irakasle eta idazle nekaezinak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, Antonio Zavalak kontatutako anekdota batetik sortu zen istorioa. Zavalak artzain batekin pasatu zuen eguna, istorioak jasotzen eta grabatzen, eta etxera bueltan zetozela, behin eta berriz erraten zion artzainak lotsati: «Ze jakintsua zaren! Ni, berriz, analfabeto hutsa; ez dakit deus». Konplexu horrekin bidean zetozela, bat-batean hala ohartarazi zion artzainak: «Kontuz, basurdeak dabiltza!». Orduan idazleak, harri eta zur, hala erantzun zion: «Ni naiz ezjakina; zuk lurra irakurtzen duzu, eta nik liburuak soilik».
Bitxikeria horri tiraka osatu zuen «Letrak elurretan», moralkeriarik gabe, haurrei naturaren orrialdeak irakurtzen irakasteko: zeruaren koloreak; antzarek zerua zeharkatzen dutenean zer gertatzen den; enaren hegaldiaren altuerak zer erran nahi duen; kukuak eta okilak non eta zer kantatzen duten... «Gure zaharrek orrialde horiek bakarrik zekiten irakurtzen».
Bertzeen lekuan jarriz
Garo usainetik kresal usainera. Eneko Bidegain kazetari eta irakasle baionarrak lehenbiziko liburua idatzi du haurrentzat, hainbat eleberri, kronika eta ikerketa lanen ondotik. Seaskako irakasleek aipatu zioten zergatik ez zen animatzen, ez baitzen Ipar Euskal Herrian halakorik. Saiatu egin zen, eta Marko karramarro gazte eta bihurria protagonista duten hiru istorioz osatutako liburua da lehenbiziko emaitza: «Zorionak, Marko». Gizakiek itsasoan eragiten dituzten kalteak aipatzen ditu bertan, «haurrei sentsibilitate bat emateko eta azaltzeko nola saiatu behar duten natura zaintzen».
Galderak eta gogoetak sortzea eta errealitateaz jabetzea lortzen badu, ez da guti izanen Bidegainentzat. Haurrak bertzeen lekuan jartzea nahiko luke, kasu honetan karramarro, txirla eta maskordun txiki hauen tokian.