HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Pasaia, argudiorik gabe geratu den proiektua
Jaizkibelen egiteko asmoa duten portua baino azalera handiagoko dartsenak hutsik daude Bilboko portuan, Pasaiatik 54 itsas miliara soilik. Krisiak eztanda egin baino lehen kanpo portuaren beharra argudiatzea zaila bazen, ezinezkoa da orain merkantzia garraioak behea jo duenean. Portuarenak, baina, EAJ eta PSEren proiektu kutuna izaten jarraitzen du, krisia konponduko duen edabe magikoa balitz bezala.
Janire ARRONDO
Gizartean krisi ekonomikoak ekarri dituen arazoak gero eta ugariago eta larriagoak diren heinean, gero eta zailagoa bihurtzen ari da atzean negozioaren mamua darabilten azpiegitura proiektu handiak justifikatzea. Gipuzkoako Aldundia hainbat proiektu erraldoitan tematuta dago, errauste planta, Abiadura Handiko Trena eta Pasaiako kanpo portua kasu. Orain arte proiektu horiek defendatzean euren hitzaldia «berrikuntza» eta «garapena» hitz potoloekin apaintzen bazuten ere, hauteskunde kanpaina honetan langabeziaren arazoari irteera emateko formula gisa agertu dute.
Pasaiako portuaren inguruan oraingoz eman dituzten datuen arabera, ordea, 5.000 lanpostu inguru sortuko lirateke 10-15 urtez; kanpoko dartsenaren eraikuntzan, Jaizkibel azpiko tuneletan eta Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoan. Begi-bistakoa denez, lanpostu horiek denboraldi baterako izango dira, eraikuntza amaitu artekoak.
Portuaren «behar» hori zalantzan jarri zen ere duela urtebete Pasaiako Portu Agintaritzako orduko zuzendari Miguel Buenek kanpo dartsenaren dimentsioak erdira jaitsiko zituztela iragarri zuenean.
Ingurumena eta ekonomia
Apirilaren amaieran ezagutu zen Ingurumen Ministerio espainolak Pasaiako Portu Agintaritzan abenduan aurkeztutako alegazioa. Ministerioak dioenez, ekonomiaren ikuspuntutik «defendaezina» da proiektua eta bestelako proiektu baten aldeko apustua egiteko gomendioa egin zuen, «portuko garraioak ez duelako justifikatzen proiektua». Ekonomikoki ez ezik, Jaizkibel inguruko paisaian, itsaslabarrean eta itsasertzean sor ditzakeen ingurumen kalteak ere kontuan hartzeko modukoak dira. Ministerioak dioenez, kanpo portuak nabarmen eragingo luke, atzera bueltarik gabeko kalteekin, Jaizkibel eta Ulia inguruetan.
Alegazio txosten horren berri izanda sinatu zuten apirilaren hasieran Madrilen hainbat instituziotako ordezkariek portuaren proiektua gauzatzeko irizpideak finkatzen dituen protokoloa. Hain justu ere, Sustapen Ministerioko, Gipuzkoako Aldundiko, Lakuako eta Pasaiako Portu Agintaritzako ordezkariak bildu ziren, kanpo portuarena «atzera bueltarik gabeko» proiektua zela erakutsiz. Nabarmena izan zen Pasaia eta Lezoko udaletako ordezkarien hutsunea.
Ingurumen Ministerioaren alegazioari garrantzia kendu eta «portuak inoiz baino osasun hobea» duela azaldu zuen Markel Olanok; Pasaiako Portu Agintaritzak, bestalde, Ministerioaren eskaera guztietara egokituko direla dio.
Ikerfel-ek Portu Agintaritzarentzat egindako inkestetan argi ikusten da 2008tik 2010era kanpo kaiaren aldeko jarrerak izan duen atzerakada. Egungo portua kanpora eramateak bizi kalitatean onurarik izango ote lukeen galdetuta, lehen, inkestatutakoen %75ek uste zuten «ziur» edo «seguruenik» hobetuko zela ongizatea; 2010eko galdeketan, ordea, %47ra jaitsi zen zifra. Era berean, 2008an, %29 bizi kalitatea hobetuko zela «erabat ziur» ziren, baina zifra hori %13an zegoen iaz.
Inkestetatik kanpo, Pasaian eta Lezon azken legegintzaldian egin diren hainbat parte-hartze prozesutan herritarrek esan dute nolako Pasaialdea nahi duten. Argi dute egungo portuak ezin duela bere horretan iraun, baina kanpoko kai erraldoia ere ez dutela nahi. Pasaiaren eraberritzea defendatzen dute, baina, portua egun den lekuan bertan berrantolatuta. Herrerako bizilagunek, esaterako, aurkeztu dute Udalean auzoa berrantolatzeko euren proposamena.