Ikea multinazionalaren aurpegi atsegina iragarkietatik kanpo ez da horren atsegina
Ikea suediar jatorriko multinazionalaren publizitate kanpainek haren aurpegi atsegina erakusten dute. Aurpegi gaztea, abegitsua, aurrerazalea, besteak laguntzeko eta lana sortzeko prest agertzen dena... Bere helburua bezeroen ongizatea dela dirudi. Hala ere, ez da ahaztu behar Ikearen helburua, edozein enpresarena bezala, kosturik txikienean ahalik etekin handienak ateratzea dela. Barakaldoko saltokiko langileek ondo baino hobeto dakite hala dela eta Ikeak noren bizkar iritsi nahi duen helburu hori. Esplotazioa, soldata izugarri eskasak, jazarpena, mehatxuak, kaleratze bidegabeak... dira langile horiek jasan behar dituzten lan baldintza eskasetako batzuk, eta horiek emakumezkoen eta gazteen kasuan are larriagoak dira. Ulergarria da, beraz, multinazionalaren aurpegia langileentzat horren atsegina ez izatea.
Atzo LAB sindikatuko kideak Ikearen Barakaldoko saltokira sartu ziren bertako langileen baldintza eskasak salatzeko eta enpresaren beste aurpegia erakusteko, hain zuzen: lan sindikala ia debekatzeraino oztopatzen duenarena, bere kontrako salaketak administrazioen zabarkeriaz baliatuta saihesten dituenarena. Hori guztia ez da bere iragarki atseginetan agertzen.