Jon Bollar UEMAko lehendakaria, UEMAko Zuzendaritza Batzordearen izenean
Gaztelaniaz «on line», euskaraz «off line»
Euskaraz lana «off-line» egin dugu: paperean, harat-honat joanez, eta denbora galduz. Eta sistema informatikoak euskaraz egon behar duela aldarrikatuz
Norbaitek zerbait egin nahi ez duenean, hiru aukera ditu: modu zabarrean adierazi ez duela egingo, edukazio onarekin azaldu ez duela egingo edo luzamendutan ibiltzea. Administrazioan euskarak ere tokia izan behar duela aldarrikatzen dugunean, Espainiako Estatuak eta haren mendeko erakunde publikoek hiru mota horietako erantzunak ematen dizkigute.
Batzuetan, Espainiako Estatuak modu zabarrean erantzuten digu: «Baina, mesedez, administrazioen arteko harreman- etan euskaraz? Egin ezazue gaztelaniaz eta kito! Zuek, bazter-nahastaileok, zer nahi duzue, euskara guri inposatzea? Zergatik sortzen dituzue horrelako istiluak zuen hizkuntza periferikoak aldarrikatzen? Ze arazo daukazue gaztelaniaz badakizue eta gaztelania erabil badezakezue?». Beste hizkuntza batzuk (ofizialak izan edo ez) erabiltzea hautatzen dutenen aurrean, horixe izaten da behin baino gehiagotan jaso izan dugun erantzuna: hitz iraingarriak entzutea.
Beste batzuetan, erantzunak edukazio onarekin mozorroturik ematen dizkigute: «Ezin dugu ezer egin, arazo teknikoak daudelako. Gure asmoa ez da euskara baztertzea, baina euskaraz jartzeak gastu handia dakar, eta orain ezin diogu halako gastu bati aurre egin. Sentitzen dugu, baina ez daukagu nahikoa baliabiderik euskararako itzulpenak egiteko». Edukazio onarekin, baina ukazio berbera.
Azkenik, artikuluaren hastapenean adierazi bezala, luzamendutan ibiltzea ere badago. «Nik ezin dizut arazo hori konpondu, baina hitz egin ezazu halakorekin, eta hark emango dizu argibideren bat. Bidal ezazu eskaera idatziz, eta erantzungo dizugu. Oraingoz ezin da, baina lanean ari gara. Aurreikusita daukagu, baina ez dugu epe zehatzik, eta, gainera, aurrekontua onartu behar dugu lehenengo». Konponbiderik ez, eta konpontzeko bide jakinik eta epe zehatzik ere ez. Eta, bien bitartean, euskaraz egiteko biderik jartzen ez digutenez, gaztelaniaz egitera behartzen gaituzte. Hau da, euskarazkoa etorri arte, «gaztelaniaz eta kito» nagusitzen da.
Eta Gizarte Segurantzarekin dugun aferan halakoak izan dira erantzunak. Arazoaren abiapuntua aurkitzeko, hilabete batzuk atzera egin behar dugu: udaloi eta gainerako erakunde publikooi jakinarazi ziguten 2011ko urtarriletik aurrera Gizarte Segurantzarekiko tramiteetarako behartuta geundela Red sistema informatikoa erabiltzera, nahiz eta sistema hori gaztelania hutsean egon.
Horren aurrean, Red sistema euskaraz ere erabiltzeko aukeraren alde, UEMA hainbat «frontetan» aritu da: Gizarte Segurantzako buruekin harremanetan jarri gara, baita Euskal Herritik kanpokoekin ere; Madrilgo Parlamentuko EAJko legebiltzarkideen bitartekaritzari esker, Madrilgo Parlamentuan agiri bat aurkeztu zuten Espainiako Gobernuak RED sistema euskaraz ere jar zezan; euskararen aurkako bazterkeria salatu dugu hedabideetan; UEMAko udalek gutunak bidali dituzte Gizarte Segurantzara Red sistema euskaraz erabili ahal izateko...
Horren guztiaren ondorioz, gauza bat lortu genuen: Red sisteman sartu gabe, udal batzuek eta UEMAk berak baimena izatea Gizarte Segurantzarekiko tramite guztiak paperean eta euskaraz egiten jarraitzeko. Horrek, azken batean, lan hau ekarri digu: prestatu paperak udaletxean, joan Durangoko Gizarte Segurantzaren egoitzara, agiriak bueltan udaletxera eraman eta ordainketak egin dagokion sukurtsalean; eta hori guztia kontuan hartuta herri txikietan sukurtsalak ez daudela irekita egun guztietan eta epe jakin batzuk bete behar direla. Azken batean, Marx anaien kontratuaren antzeko absurdokeria amaigabea, dena zertarako eta «Autorizado» jartzen duen zigilua lortzeko! Baimena gaztelaniaz ematen baitute.
Han eta hemen, UEMAk salatu du hori bereizkeria dela: batzuk bai, eta beste batzuk ez. Batzuk on-line, eta beste batzuk off-line. Eta bereizkeria horrek ez du bat egiten ez euskarak eremu jakin batzuetan duen estatusarekin -ofiziala baita, ezta?-, ez Estatuak berak onartutako legeekin. Eta, bistan denez, ez da egungo errealitateak dakarren hizkuntz aniztasunaren erronkari estatu demokratiko eleanitz batek eman beharko liokeen irtenbidea.
Azken batean, gaztelaniaz lan egin nahi dutenek on line lan egin dezakete, eroso-eroso, bulegotik atera gabe, teknologia berriek ematen duten abantaila guzti-guztiekin. Euskaraz, ordea, off line egin behar izan dugu: paperean, harat-honat joanez eta denbora eta energia galduz, eta, gainera, hori guztia gutxi balitz bezala, ahal den toki guztietan sistema informatikoak euskaraz ere egon behar duela aldarrikatuz.
Batzuk XXI. mendean, eta beste batzuk XIX. mendean bezala lan egitera zigortuta.
Baina ez pentsa horregatik euskaraz lan egin nahi dugunok XIX. mendean gaudenik eta gaztelaniara makurtzera behartzen gaituztenak XXI. mendean bizi direnik.
Horiek, XVI. mendean edo atzerago daude, garai hartako elebakarkerian tematuta, bestea zer den eta zer eskatzen duen ulertu eta onartu ezinik.
Gizarte Segurantzakoak eta enparauak, zuek bai zaudetela off line!