GARA > Idatzia > Mundua

Sao Pauloko Foroa abiatu dute Managuan herrialde arabiarretako erreboltei begira

GARA | Managua

Sao Paoloko Foroaren 17. edizioa jarri zuten atzo abian Managuan 50 herrialdetako 80 inguru alderdi politiko eta erakundek, ikuspegi ezkertiarretik, munduan gertatzen ari diren jazoeren inguruko azterketa egiteko asmoz. «Aro bateko aldaketa eraikiz. Herri sektoreen, aurrerakoien eta Latinoamerikako ezkertiarren proiektu alternatiboa» lemapean, hainbat gairi heltzeko intentzioa dute batzartutakoek hiru egunez, azken hilotan herrialde arabiarretan gertatzen ari diren errebolten inguruko gogoetak jorratzetik hasi eta kapitalismoaren nazioarteko krisia lantzeraino.

Hain zuzen, Libiako erregimenari aurre egin ahal izateko martxan ipini duten kanpo esku-hartzea erabat gaitzetsi dute biltzarraren oinarrizko agirian, herrialdearen nazio burujabetzan bete-betean eragiten duelako. Tunisiako, Egiptoko, Bahraingo, Omango, Yemengo zein Marokoko herri protestei heltzeko asmoa ere badute, horrek «petrolioaren salneurrian zuzen-zuzenean eragiten baitu».

Halaber, gai ekonomikoekin jarraituta, Txinaren goraldia landuko dute, baita inguruko herrialdeetan duten proiekzio politikoari eutsi ere. Kontinente bizilaguna ere ez dute ahaztuko eta azken hilabeteotan eskuinaldera norabidetu den Europa ere izango dute mintzagai, alderdi ezkertiarrek egoera horretan izan duten jokabide lausoari erreparatuz.

Etxera ere so egingo dute mugimendu ezkertiarraren erronkak zehazteko asmoz, batik bat «konkistatutako espazioak mantetze aldera».

Nazioarteko hainbat lagun gonbidatu dituzte biltzarrera eta Euskal Herritik, hain zuzen, ezker abertzaleko ordezkaritza bat bertaratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo