GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomia Kolektiboak dio prefetak instituzioaren debatea «ito» nahi duela

Balladur erreformaren haritik prefetak aurkeztu berri duen herri-elkargoen maparen eztabaidarekin, «egiazko gaia -Ipar Euskal Herriko erakundetzearen premia- berriro saihestu» eta Estatuak bere debatea «inposatzen» duela salatu zuen Autonomia Kolektiboak Baionan.

p018_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Pirinio Atlantikoetako prefetak joan den maiatzaren 5ean aurkeztutako herri-elkargoen banaketa berriaren karietara, Autonomia Kolektiboak (AK) bere kritika plazaratu zuen atzo, Baionan. Zehazki, «eztabaida teknikoetan korapilatuz, benetako eztabaida -politikoa- itotzea bilatzen» duela leporatu zion Ceccaldi prefetari.

Lekuko erakundeen antolakuntza birmoldatzeko helburuarekin Estatu frantsesak abian jarritako Balladur erreformaren haritik dator herri-elkargoen mapa berria. Prefetak egindako proposamenean, Ipar Euskal Herriko eremu geografiko historikoa oro har «errespetatzen» dela esan zuten Jean-Claude Agerre eta Filipe Laskarai AK-ko kideek.

Alta, eskualde batzuetan hainbat hautetsik Biarnoko edota Landeseko herri batzuk euskal elkargoei eransteko tentazioa izan dezaketela uste du AK-k. Asmo horiek gorabehera, Agerre eta Laskaraik nabarmendu zuten, funtsean «benetako eskakizuna, hots, eskumenak izango lituzkeen Ipar Euskal Herriko esparru instituzional propioaren aitortza» saihesten ari dela berriro: «Estatuak betiko autismoan segitzen du. Egiazko eztabaida bahitu, eta ezer gertatuko ez balitz bezala, berea inposatzen du».

Soilik bereari eusten diola frogatzeko, adibidetzat jarri zuten Garapen Kontseilu bera ez dutela kontuan hartu ere egin.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren onarpen instituzionalerako «ezinbesteko bi gakoak lurraldetasuna eta herriari hitza ematea» direla gogoratuta, dei egin zioten Parisi «ukazioan ez tematzeko eta Ipar Euskal Herriak eskatzen duen ezagutzaren aferari, behingoz eta behar bezala, heltzeko».

Hego Euskal Herrian ireki den «perspektiba politiko berriaren» aitzinean, hiru lurraldeen erakundetzea are eta premiatsuagotzat jo zuten: «Egoera berriak Estatu frantsesa bera ere bere betebeharren aitzinean jartzen du, konfrontazio armatuaren estakurua desagertu baita».

Autonomia Kolektiboarentzat, «une egokia da gai instituzionalari buruzko herri dinamika berria sustatzeko». Ildo horretan, alderdi eta eragile politiko eta sozialei gogoetatzera, adostasunak bilatzera eta konpromisoak hartzera» dei egin zieten, «Parisi zuzendu behar zaion proposamena lantzeko, Estatuaren aldetik ez baita deus itxaroterik».

BIZI-EREMUAK

Autonomia Kolektiboak ez du ontzat ematen kontuan hartu behar dena «bizi-eremuak» direla diotenen argudioa. Zerbitzuak eta elkarlana konpartitzeko beste erak badaudela uste du, baina aitortza instituzionala «interes kolektiboko afera da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo