Laura MINTEGI Idazlea
Batuketa ala metaketa
Zaila da zurrunbilotik burua ateratzea eta inguruneari lasaitasunez begiratzea. Bilduren aldeko apustu irmoa egin dutenak olatuaren gainean ari dira surfean, eta zaila da inguruko paisaiari erreparatzea.
Apur bat desenkantaturik nago hauteskundeetarako kanpainari begiratuta. Zein entusiasmorekin ari diren aparailu politiko guztiak, aurretikoak eta etorri berriak! Egiatan beste zerbait espero nuen. Ezker abertzalearentzat hauteskundeak bitartekari dira, ez helburu; eta ezberdintasun hori nozitu beharko litzateke fondoan eta formetan.
Eduki gutxiko ekimenak egitea «joko politikoan» ari direnei dagokie, euren helburua boto-emaileak bereganatzea baita. Baina botoak, datozen moduan, badoaz; eta ezker abertzalearen helburua ez luke izan behar boto hutsak eskuratzea, baizik eta «politika» irauli nahi dutenen konplizitatea biltzea. Xedea ez da batuketa soila, metaketa da. Boto-emaileak baino, kideak behar dira, bidaideak. Agerian utzi beharko luke badela posible beste politika bat, «res publica» beste modu batera antolatzea. Eta hori ez da erakusten kanpaina politiko «ohikoa» egiten. Alderantziz!
Esango didate botorik gabe ezin dela presentziarik eduki erakundeetan. Ados, garrantzitsua da egotea. Baina egia batzuk esateko ez da behar piloa izatea; ahotsa gardenki helaraztea nahikoa da; apal-apal azaldu zein herri mota irudikatzen dugun, zein den ezker abertzalearen imajinario kolektiboa. Eta huts ditzagun artifizio elektoralak, arren. Esan dezagun Politika letra larriz egin nahi dugula, «statu quo»-a aldatu nahi dugula egiatan, ez gaitezen jausi «joko politikoan». Politika ez baita jokoa, eta are gutxiago jolasa.