Euskal selekzioak ofizialtasunaren aldarria hedatzeko aukera aparta du Estonian
Euskal selekzioak Estoniako selekzioaren kontrako partida jokatuko du gaur, Venezuelaren kontrakoaren ostean, urte erdian jokatuko duen bigarrena. Ofizialtasunaren aldarrikapena dela-eta, federazioarekin izandako tirabira gainditu eta gero, ematen du selekzioak berriro ere abiatu duela nazioartean duen potentzialtasuna erakusteko bidea. Eta, hain zuzen, argi dago ofizialtasunaren aldarrikapena hedatzeko aukera handia emango diotela gaurkoa bezalako partidek.
Izan ere, aurreko urteetan gertatu bezala, iragan Gabonetan San Mamesen jokatutako norgehiagokan argi geratu zen euskal gizarteak gogo biziz eskatzen duela bere herriko, Euskal Herriko, selekzioak lehiaketa ofizialak jokatzeko eskubidea. Bilbon bildutako jendetzak hala adierazi zuen. Eta jokalariek eurek ere behin baino gehiagotan nabarmendu dute gizartearen eskaera horrekin bat egiten dutela.
Duela bi hamarkada Estoniako selekziorik ez zegoen, eta orain Eurokopako azken fasean jokatzeko lehia betean sartuta dago. Bide beretik, euskal selekzioak pausoak ematen jarraitu behar du, Tallinnera joan behar duen hurrengo aldian partida ofiziala jokatzeko izan dadin.