GARA > Idatzia > Kultura

(Itzalitako) argiak

Haizea BARCENILLA

Arte komisarioa

Orain dela gutxi, hitzaldi batzuetan ezagutu nuen Morad Montazami, tesia bukatzen ari den ikertzaile gaztea. Komisariotzari buruzko eztabaidetan maiz gertatzen den eta gertatu behar den bezala, ikusleari buruz mintzatu ginen.

Moradek «ikusle» edo «kontsumitzaile» hitzak alde batera utzi eta termino berri bat proposatu zuen, «usager» (frantsesez, «erabiltzailea»). Horrela, ikuslea subjektu pasibotzat hartu beharrean, eta aldi berean merkatuaren logikari lotu gabe, artearekin erlazionatzeko formatu berria eskaini nahi zuen. Saiakera beharrezkoa. Aitzitik, «erabiltzaile» hori definitzeko eredu praktikoak emateari uko egitea nahiago zuen Moradek.

Noski, teoriak ez du zertan bilatu beti eredu praktiko erabilgarririk. Hala ere, ikusleriaren inguruan praxiaren galdera nahitaezkoa da.

Asteburu honetan Ospitalepean eliza erromanikoa ikusten izan naiz, Zuberoan. Sartu ahala atarian zegoen neskak audio-bisita egin nahi ote genuen galdetu digu. Ezetz erantzun diogu.

Baina, hara gure harridura deskubritzerakoan audio-bisita hartu ezean, elizako argiak ez direla pizten, trastearen kontakizunarekin bat argitzen baita egoitza. Beraz, eliza argituta eta ez zuloa balitz bezala ikusi nahi baduzu, audio-gida hartu behar. Hala, zehazki zortzi minutuan kontatuko dizu garrantzitsuena, argia berriz itzali aurretik.

Ez dakit ikuslea hemen erabiltzaile, kontsumitzaile edo subjektu pasiboa den, baina ikusteko moduaren inguruko eztabaida aplikagarriak bultzatzen ez baditugu laster, teorian ez ezik praktikan ere, artea eta jendearen arteko erlazio hierarkikoak luze jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo