GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Igor Gabilondo | Euskal Selekzioko Jokalaria

«Oso polita da euskal selekzioarekin munduan zehar ibili ahal izatea»

Estoniara bidaiatu duten jokalarien artean, Igor Gabilondo añorgatarra da euskal selekzio absolutuarekin partidarik gehien jokatu dituena. Athleticeko erdilariak hamaikagarren neurketa jokatuko du gaur Tallinen elastiko zuri-gorri-berdearekin eta gutxik bezala ezagutzen du gure selekzioak azken urteotan izan duen bilakaera.

p032_f03_142x120.jpg

A.A.

Loiuko aireportuan Tallinerako hegazkina hartu aurretik izan dugu Igor Gabilondorekin hitz batzuk egiteko parada. Oporrak hartu eta futbolaz deskonektatzeko gogoak izan arren, ilusioz hartu du selekzioarekin bidaiatzeko aukera. Berak dioen moduan, «pare bat egun besterik ez dira eta horrela eramangarriagoa egiten da kanpora irtetzea».

Amaitu da denboraldia, Athleticekin behintzat. Zer balorazio egiten duzu lortutako seigarren postuaz?

Nik uste pozik egoteko motiboak badaudela. Azken finean, denboraldi hasieran geure buruari jarri genion helburua bete egin dugu. Europan jokatzeko txartela daukagu eta, gainera, zazpigarren postua ekiditea ere lortu dugu. Urte ona izan dela esango nuke.

Agian pena bakarra Kopan Bartzelona zuen bidean horren goiz gurutzatu izana.
Beti bezala, Athleticek Kopan ilusio handiak jarriak zeuzkan. Baina Bartzelona bezalako talde handi bat parean tokatzen denean zaila da aurrera egitea. Bai, alde horretatik pena bat izan zela esan daiteke.

Eta pertsonalki begiratuta, pozik amaitu al duzu taldean izandako parte-hartzearekin?
Hasieran pozik ibili nintzen, minutu dezente jokatu nituelako, baina gero nahi baino minutu gutxiago izan ditut. Hala ere, egia da taldeak lan oso ona egin duela eta horren aurrean ezin da ezer esan. Egoera bakoitza etortzen den moduan onartu behar da.

Beste denboraldi bat bete duzu Lehen Mailan, hamaikagarrena segidan Reala eta Athleticen artean. Azkar esaten da, baina urte asko dira puntan ibiltzeko.
Bai, hori ere pozgarria da. Azkenean ez da erraza izaten goiko mailan urtea joan eta urtea etorri mantentzea. Gustora nago egindako ibilbidearekin eta oraindik beste zenbait urtetan jarraitzeko asmotan nabil. Beraz, gerra apur bat gehiago emateko prest.

Oporrak hartu aurretik euskal selekzioarekin Estoniara joateko aukera sortu da. Zer asmorekin hartzen duzu bidaia?
Nire ustez berri oso ona da. Zenbait urtetan partidarik jokatu gabe egon gara eta zorionez orain berriro ere hemen gaude. Gainera, indarberrituta hasi garela ematen du. Gabonetan Venezuelaren kontra jokatu genuen, orain Estoniara goaz… Oso polita da euskal selekzioarekin munduan zehar ibili ahal izatea, jendeak jakin dezan euskal selekzioa bat badagoela eta gainera maila oso ona daukan taldea dela.

Jokalariek federazioari egindako eskaeren artean, urtean partida bat baino gehiago jokatzen saiatzearena zegoen. Alde horretatik, Estoniakoa aurrera pausotzat hartu behar al da?
Baietz uste dut. Azkenean guk aldarrikatzen genuena zen selekzioaren lana urtean behin egiten den partida-festa bakar horretara ez mugatzea, hortik haratago joatea. Helburua selekzio sendo bat edukitzea baldin bada, horretarako borrokatu egin behar da, bidea luzea eta zaila izango dela jakinda. Eta bide horretan, zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta aukera gehiago izango ditugu selekzioa aurrera ateratzeko.

Deialdian zaudetenen artean, euskal selekzioarekin gehien jokatu duen futbolaria zara. Elastiko horrekin ere esperientzia batzuk bizi izan dituzu.

Partida gehien jokatzearena batez ere bakoitzaren ibilbidearekin eta adinarekin lotuta dagoela esango nuke, besterik gabe. Realean eta Athleticen jokatuta, ia urtero selekzioan egoteko aukera izan dut, eta normala den moduan, adinean aurrera joan ahala jokatutako neurketak ere gehitzen joaten dira. Baina bai, horretaz ere oso harro nago.

Kirol ikuspegi soiletik begiratuta, Estoniako selekzioari buruz zerbait ba al dakizue?
Ba egia esateko oso gutxi. Gain-gainetik Mikel Etxarrik zerbait aipatu digu, baina seguru asko egun hauetan zerbait gehiago azalduko digute. Orain artean Ligan jo eta ke aritu gara, Estonian pentsatzeko denbora askorik gabe, eta hemendik aurrera hasiko gara partida hori lantzen. Nola jokatzen duten eurek, nola egin behar diegun aurre... Ea partida on bat ateratzen den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo