629.000 euro bideratuko ditu Lakuak euskararen erabilera eta ahozkotasuna indartzeko
Eskolaz zein akademiaz kanpoko ekintzetan euskararen erabilera indartzeko eta ahozko adierazpena sustatzeko laguntzak emango ditu Lakuak. Gaur aurkeztuko ditu diru partidak Lurdes Auzmendi sailburuordeak.
GARA | DONOSTIA
Gasteizko Gobernuak euskararen erabilera bultzatzeko hainbat diru laguntza ematea onartu zuen atzo; 367.000 euro bideratuko dituzte euskararen erabilera indartzeko eta beste 262.000 euro ahozko hizkuntza indartzeko. Atzo Gasteizko Gobernuak ohar bidez jakinarazi zuenez, lehenbiziko laguntza, 367.000 eurokoa, bi zatitan banatuko dute. Batetik, 184.000 euro bideratuko dituzte euskararen erabilera eskolaz eta akademiaz kanpoko ekintzetan indartzeko; bestetik, gainerako 186.000 euroko laguntza inguru euskaldunetan egonaldiak finantzatzeko erabiliko ditu, EAEko ikasle guztiek euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan dezaten.
Euskararen ahozko adierazpena sustatuz ikastetxeak euskalduntzeko, bestalde, beste hainbat laguntza ere emango dituzte 2011-2012 ikasturterako. Helburu horrekin 262.000 euro banatuko ditu; horietako 82.000 ikastetxe pribatuei eta 180.000 sare publikora.
Lakuak agertu zuenez, diru laguntzen helburua ahozkotasuna indartzea helburu duten zentroei bultzada ematea da.
Hain zuzen ere, gaur goizean aurkeztuko ditu Lakuak euskara indartzeko adostu dituen aurrekontuak. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik emango du diru-partiden berri prentsaurrekoan.
Kontseiluaren eskaera
Udal eta foru hauteskundeak iragan berri direnean, bestalde, Kontseiluak izan diren emaitzen gaineko balorazioa egingo du gaur goizean Donostian. Era berean, azken urteetan egin diren hizkuntza politika alorreko lanen balorazioa ere egingo dute Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak. Kontseiluak hautatu berri izan diren ordezkariei ere hizkuntza politiken gaineko eskaera egingo die.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik gaur emango du Gasteizen euskara indartzeko banatuko dituzten diru partiden berri.