GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Soto Editorea

«The supremes»

Duela bost urte, maiatzean, NBC telebista kate estatubatuarrak «The west wingen», espainolek ohi duten itzultzeko joera paternalista eta txatxuan «El Ala Oeste de la Casa Blanca» izendatu zuten telesail horren azken atala eman zuen. Telesail horren zale sutsua naiz. Aaron Sorkinek sortu zuen telesaila: gidoilariak informazio eskerga bildu zuen «The American President» idazteko, espainolek, freestyle berriz ere, «El presidente y Miss Wade» izendatu zuten filma egiteko, eta zerbaitetarako balio zezakeela uste zuen.

Sorkinen eta bere ondorengoen gidoiak ikaragarriak dira. Badago atal bat nik bereziki maite dudana, «The Supremes». Atalaren bilbea hau da, gutxi gorabehera: AEBetako epaitegi goreneko epaile progresista bat hil da eta gobernuak beste bat izendatu behar du. Horretarako hainbat epailerekin elkarrizketa erronda egin behar du. Lehen bileretako bat demokrata erradikala den epaile batekin egiten du. Baina, hasiera batean behintzat, ez dute epaile sasi-komunista hori aintzat hartzeko inolako asmorik. Bilera, soil-soilik prentsak ikus dezan egin nahi dute. Horretarako kabinete buruak ematen duen azalpena argia da: eskuina beldurtu nahi dugu erradikal hau aintzat hartzen ari garela pentsa dezan; eta aldi berean, ezkerra lasaitu, haietako bat aintzat hartzen ari garela uste dezan.

Nago EAJko kabinete buruak, Iñigo Urkulluk, gauza bera pentsa dezagun nahi duela: EAJren oinarri abertzalea lasaituko dut, pentsa dezala Bilduren garaipena errespetatzeko prest nagoela eta, aldi berean, PSOEk eta PPk pentsa dezatela Bildurekin ituna egiteko gai naizela, era horretan imajina dezakedana baino gehiago emango baitidate. Telesaila ikusi duzuenok, neuk bezala, zuen itxaropena bere horretan gordeko duzuela espero dut; baina den moduan dela, Urkulluren ahalegin hau ikusita, zeinek dio telebistak ez digula ezer irakasten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo