Leire zubeldia de Esteban Zizurkilgo Bildu
Eskerrik asko, Zizurkil
Bilduko kideontzat ahaztezina da maiatzaren 22an bizitakoa. Zuen botoekin, aurreikuspenak gainditu eta herrian sumatzen zen aldaketa nahia benetakoa eta oso indartsua dela erakutsi duzue. Demokrazia lezioa da zizurkildarrek boto-kutxetan eman duzuena: herriaren bizkar agintzen aritu denari txanpon berarekin ordainarazi diozue: herriak berak eman dio bizkarra.
Bildu osatzen dugunok, ordea, argi dugu igandekoa oso ederra izanik ere, egun bateko garaipena izan daitekeela, herriak emandako mezuari entzungor egiten badiogu. Horregatik, lerro hauen bidez, eskerrak emateaz gain, gure oinarria izango den ideia berresten dugu: udal kudeaketa gardena eta herritarren iritzia une oro kontuan izango duena egingo dugu. Bilduk gidatutako udaleko ateak zabalik egongo dira hortaz. Horrek zuen parte hartzea ere eskatzen du, funtzionatuko badu. Guztiok nahi dugun Zizurkil eraikitzeko guztiok batera egin behar dugu lan. Gidaritza hartzeko ardura eman diguzue, baina aldi berean, zuen laguntza, aholkua, kritika... ezinbestekoak izango ditugu.
Umiltasunez lan egingo dugu. Kanpainan esan dugun moduan, ez dugu errezeta magikorik. Ideiak, ordea, argi ditugu. Lanerako gogoz gaude, eta jasotako babes zabalak are gehiago motibatu gaitu.