GARA > Idatzia > Kultura

Jon Arretxe: «Tangerko ametsak batzuetan betetzen dira»

Tanger hiria zuzenean lotuta dago etorkinekin, gizakien ametsekin. Hori dela-eta, «Tangerko ametsak» izenburua eman dio Jon Arretxek bere azken lanari. Nobela beltzaren eta bidaia literaturaren artean kokatutako obra honetan Tangerko koloreak eta usainak helarazten ditu.

p048_f02_095x084.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Jon Arretxeren «Tangerko ametsak» (Erein, 2011) liburuak nobela beltza eta bidaiak uztartzen ditu, Arretxek («Fatum», 2008, Elkar; «Morto Vivace», 2007, Elkar; ) landu izan dituen bi generoak, alegia. Hala, hilketez, maitasunaz, magiaz eta misterioz josita dagoen bezala, hango kolore, usain, ohitura eta bizimoduak ere deskribatzen ditu.

Pertsonaiei egiazkotasuna eman ahal izateko, Tanger bertara hainbat bidaia egin ditu Arretxek: azken urte honetan hiru alditan izan da bertan, eta kaleetan barrena ibili da jendearen jokabidea eta bakoitzaren bizitzaren historia ezagutzen. «Beti joan naiz jendearen bila, eta askorekin hitz egin dut. Mila istorio entzun ditut nobelan sartu ditudanen antzekoak», azaldu zuen atzo Arretxek, Donostian egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Tanger eta Bamakon kokatzen da honakoan liburuaren istorioa, nahiz eta nagusiki Tangerren gertatu ia guztia. Hiri hau kontraste oso handiko lekua dela azaldu zuen idazleak. «Konkistatzaile guztiak pasa dira Tangertik. Hiri irekia izan da urte askotan, artisten babeslekua ere izan da, baita aberatsen parranda tokia ere. Alderdi oso berria ere badu. Badirudi Europako edozein lekutan zaudela, gainera, diskoteka oso modernoak ditu hondartza alboan, Donostian topatzen ez diren horietakoak».

Liburuan zehar hiru pertsonaia nagusi topatuko dira. Alde batetik, Bamakon pertsona baten bila agertuko den neska zuria aurkeztuko da lehen kapituluan. Bestetik, Tangerrera iritsi den sikario bat eta kalea lantzen duen Fatima gaztea, nobelan zehar pisu handia izango duen pertsonaia. Azkenik, Moussa gaztea, Afrika beltzetik Tangerrera patera baten bila iritsi zena, baina ziria jo ziotela-eta bertako kaleetan topatu zuena bere kartzela. «Tanger kartzela da askorentzat ez baitute Europara pasatzea lortzen eta ez dutelako dirurik. Ondorioz han gelditzen dira, ez aurrera eta ez atzera. Tangerko ametsak batzuetan betetzen dira, besteetan ez».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo