Julen Gabiria izan da aurten Mikel Zarate sariaren irabazle
GARA | DONOSTIA
Julen Gabiriak idatzitako «Nire aita ikusezina da» nobelak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria aurten. Hala erabaki zuen Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko da.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten iaz sariketa hau Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez. Lehen urtean Asier Mendoza zarauztarra suertatu zen irabazle, banpiroei buruzko «Beste gu» izeneko liburuarekin.
Julen Gabiria Galdakaon jaio zen 1973an. «Connemara gure bihotzetan» eleberria izan zen bere estreinako lana; horren ostean etorri zen «Han goitik itsasoa ikusten da». Horiez gain, hainbat itzulpen egin ditu, baita biografiak eta antzerkirako lanak ere.