GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA | HAUR LITERATURA

«Saguzarrak egunez» (Bigarren) liburu gogoangarria

p048_f01_36x60.jpg

Asun AGIRIANO

Denbora batean, Euskal Herrian ilustratzaileak bakanagoak ziren; gaur, ugari dira. Arte Ederrak edota Diseinu Grafikoa ikasi duten askok, kasurik onenean, liburuak ilustratzen, egunkarietan marrazkiak egiten, kartelak eta horma-irudiak egiten e.a. dihardute. Gaurko marrazkilariek profesionalizatzeko bide zailari ekin diote. Bada, beraz, argitaletxe eta baita irakurleen aldetik ere, ilustraziogintzari kasu egiteko sasoia.

Jokin Mitxelena dugu haur-literaturako euskal marrazkilaririk ezagunena, sendoena nolabait. Esku artean dugun ipuinaren kasuari erreparatuta, egile osoa izateko premiari erantzuten ere badakiela erakutsi digu bigarren aldiz. Izan ere, lehenagotik ezagutzen genituen «Joan-joan» (Baigorri, 2002) eta «Armiarma txikia» (Baigorri, 2003), hain justu ere, egunkari honek bultzatutako Euskal Ipuinen bilduman ingelesez eta euskaraz kaleratutako liburuak. Enkarguzko lan horietatik aparte, Jokin Mitxelenak ez dio izurik istorioak sortzeko prozesuari, hainbeste urtetan besteen hitzak irudikatu ostean, kontakizun propioak sortzeko beharra sentitu baitu.

Animalia bitxi batzuk protagonista, 2002. urtean, «Xaguxarrarena» izan zen idatzi zuen lehenengo liburua. Orduan, hitzak poetikoki aukeratu eta testu errimatua aurkeztu zigun. Horrela, idazle sena erakutsiz, hitza eta irudia trebetasun handiz erabili zituen.

Liburu hartako kontakizunean, buruz behera loak hartzeko ahaleginetan zebiltzan bi saguzar genituen, Isabela eta Jenobeba. Sonoritate handiko izen xelebreok entzunda, irribarre ateratzen zaie oraindik ere haurrei.

Aurten, berriz ere animalia bitxi hauen ipuina kaleratu du. Antza, badago liburuen munduari lotuta dagoen mito edo aurreiritzi ezagun bat: bigarren zatiak ez omen dira onak. Topiko guztien moduan, asko du faltsutik, kontuan izanda, gainera, haur literaturako mundu txikian arrakastatsu suertatzen diren istorioak ez direla hainbeste ezagutzen, eta irakurle askok ez dakitela zein den lehenengo eta zein bigarren.

Lehenengo lan hura berdindu edo gailentzea zaila egingo zitzaion Jokin Mitxelenari, baina, oraingoan ere, ez gaitu epel utzi.

Hegan majo ikasi ondoren, Isabela eta Jenobeba mundua ikusteko egarri dira, ez ordea gau ilunean, egun argiz baizik. Zer behar? Betaurreko beltzak jantziz gero, ederki joan daitezke airean eta, horretarako, bi saguzarrak hainbat animaliarengana abiatuko dira banan-banan galdetzera nola lortu antiojoak: hontza, behia, igela... Zeinek jakin, baina, betaurreko beltzak non diren? Satorrak, dudarik ez! Bide luzea egin dute, eta galdetzen eta erantzunak jasotzen emandako denbora horren guztiaren ostean, zer eta... ia gaua iritsi dela, nekatuta daudela biak, eta zintzilikatu eta lo gelditu direla. Oraingoan, kontakizuna ez dator errimatuta, baina elkarrizketaren ateraldi xelebreen bitartez, erritmo bizia lortzen du Mitxelenak. Egilea marrazkilaria den aldetik, adibidez, betaurrekoak eta koloreak lotzen ditu. Ez da kasualitate behiak betaurreko berdeak behar dituela soilik, belarra ondo ikusi ahal izateko. Jolasgura horretan, logikoa denez, igelak betaurrekoak urperatzeko bakarrik erabiltzen ditu. Animalia batetik bestera salto eginda kateatzen ditu egoerak, irakurketa arina lortuz. Mitxelenak gaiari umorearen ikuspuntutik heltzen dio benetan dibertigarria egingo zaigun irakurketa honetan.

Istorioa xumea da, haurrei oso gertuko egingo zaiena. Jakin-mina pizten duten animalia hauek badute nolabaiteko xarma eta erakargarritasuna haurrentzat. Beti gauez ibiltzen diren misterioa izan daiteke, iheskorrak direla akaso, edo batek daki! Ezohikoak dira eta, gainera, gaur egun, desagertzeko zorian omen daude. Ipuin honekin etxeko bihurtuko ditugu Mitxelenak mintzaira literario aberatsa duela erakutsi digun (bigarren) honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo