Ezusteko geldialdia Garoņan, hamaikagarrenez
Garoñako zentral nuklearra hamaikagarrenez gelditzea eragin zuen dardaraldiaren ondoren, Espainiako Segurtasun Nuklearreko Batzordeak (CSN) berehala esan zuen programatu gabeko geldialdiak ez zuela ez langileengan, ez biztanleengan ezta ingurumenean ere ondoriorik izan. Berriro ere, Garoñako zentralaren geldialdi irregular bat gertatu eta berehala CSNk dena oso erregularra izan dela sinetsarazteko azalpenak ematen agertu da, geldialdi guztien ondoren agertu izan den bezala. Gogorarazi beharra dago CSN Garoñako zentralaren bizitza, dagoeneko iraungia behar zuena, hamar urtez luzatzearen alde agertu zela, Madrilgo Gobernuak, ustezko erdibideari helduta, 2013. urtea arte luzatu bazuen ere. Beraz, ez dira harritzekoak CSN nuklearren aldeko lobbya dela ziurtatzen duten salaketak, alegia Garoñaren jabeen (Iberdrola eta Endesa) helburua -etekin ekonomikoak ziurtatzea- lehenesten duela.
Fukushimako zentral nuklearreko hondamendiaren ondoren, Alemaniako Gobernuak Garoñak beste urte dituzten eta baita urte gutxiago dituenen bat ere ixtea erabaki zuen. Estatu frantsesak nuklearren aldeko apostu argia egina du; hala ere, aurreikusitako epean ixten ditu. Gobernu espainolak, ordea, Garoñaren bizitzaren luzapenari eusten dio. Hainbat ezustekotan ez da hondamendirik gertatu, baina ezusteko bakar batek hondamendia eragin dezake.