Eusko Labeldun sagardoa kalean da, sagardozaleen gozamenerako, %100 bertako sagarrez egina
GARA | DONOSTIA
Eusko Labela duen sagar- doaren lehenengo uzta 2010ekoa izan da. Kalitatea Fundazioak ikuskatu eta egiaztatutako lehenengo sagardoak 2010eko uztakoak izan dira, dagoeneko merkatuan daudenak.
Eusko Labelek bertako sagarra baino ez du erabiltzen, baina sagardogile bakoitzak bere gustuko sagar nahasketa baliatzen du. Eusko Label zigiluaren barruan sagardo desberdinak dastatzeko aukera emango du horrek, baina orokorrean 2010eko uztak «fruta usain eta zapore handiko sagardoa» ekarri duela azaldu dute, «mikaztasun puntu egokia» duena.
Botilako sagardoa «Euskal Sagardoa-Sidra Natural de Pais Vasco-Eusko Label» zigiluarekin atera da merkatura, eta horretarako araudi teknikoak biltzen dituen arauak betetzen ditu.
Araudi horretan sagarraren zaintzatik hasi (erabilera, sagar motak...) eta elaborazio prozesu guztia arautzen da, baita ontziratzea edo etiketatzea bezalako arloak ere. Kalifikazio eta egiaztatze prozesuak ere zehazten ditu Eusko Labeldun sagardoaren araudi teknikoak.
Ibilbide luzea
Martxoaren 23an aurkeztu zuten Eusko Label sagardoa Usurbilgo Saizar sagardotegian, eta geroztik bere bidea egiten ari da. Hala ere, sagardoaren Eusko Labela sortzeko bidea askoz luzeagoa izan da, bai Sagardogileen Elkartearen barruan, baita Kalitatea Fundazio barruan ere. 2000. urtean sagardoaren jatorri izendapen baten bila hasi ziren Gipuzkoako zenbait sagardogile eta proiektu hura bertan behera gelditu bazen ere, aurten lortu dute Eusko Label sagardoa merkatuan jartzea.
26 sagardogile
Gaur egun, 26 sagardogile daude Eusko Labelen izena emanda, Gipuzkoako 19 eta Bizkaiko 7, eta dagoeneko badira sagardogile gehiago datozen urteetan sartzeko interesa azaldu dutenak. 860.000 litro egin dira 2010ean Eusko Labelerako, 200 sagasti baino gehiagotako sagarrak erabilita, Kalitatea fundazioak ikuskatuta, eta dagoeneko merkaturatu dituzte lehen botilak, Eusko Labelak eskatzen dituen baldintza guztiekin.
2010ean 6-7 bat milioi kilo sagardo sagar izan zen Euskal Herrian, eta beraz, bertako sagarrarekin 4-5 milioi litro sagardo egiteko potentziala bada, batez beste. Eusko Labeldun sagardoa egiteko produkzio integratuan edo ekologikoan dauden sagastietako sagarrak bakarrik erabiliko dira.
Eusko Labela merkatuan izateak eta bere arrakastak onuradun bat baino gehiago izango ditu, besteak beste, baserritar eta sagardozaleak; sagardogileak edo kontsumitzaileak, alegia.