Landare, fruitu eta abereen inguruko hizkera aberatsa, mapa koloretsuetan jasota
Gaurko eta etorkizuneko belaunaldientzat tradiziozko herri-hizkeren altxorra berreskuratzeko asmoz, egitasmo erraldoi bat abiatu zuen Euskaltzaindiak 1984an: atlasa. Orain hirugarren liburua kaleratu dute, paperean eta CDan, eta laster jarriko dute material guztia sarean, ikertzaile zein hizkuntzaren maitaleentzat erreferentzia izan dadin. Landare, fruitu eta etxe-abereekin lotutako kontzeptuak landu dituzte Euskal Herri osoko 320 lekukorekin.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Euskaltzaindiaren egitasmo erraldoietako bat da Herri Hizkeren Atlasa: 1984an hasi ziren osatzen eta atzo aurkeztu zuten hirugarren liburukia, landare, fruitu eta etxe-abereen inguruko kontzeptuekin. Euskaltzainak pozarren eta lanean segitzeko gogotsu zeuden; oraindik badute zeregina, guztira hamabi liburu idazteko asmoa baitute.
Donostiako Victoria Eugenian egin zuten ekitaldia, baina Andres Urrutiak adierazi zuenez, ez dute aukera galdu nahi atlasa Euskal Herriko bertze lurraldeetan ere erakusteko, «duin aurkeztu dezake-eta Euskaltzaindiak bere burua lan honekin». Proiektua sendotu egin dela aipatu zuen, eta «urtez urte aldi luzeetan ondutako isilpeko lana kaleratzearen eta gizarteratzearen garrantzia» nabarmendu zuen. Argitalpena lagundu duen Euskadiko Kutxako ordezkariak, Xabier Egibarrek, gaineratu zuen asmo handiko egitasmoa dela, datu eta kontzeptu kopuru zabala jorratzen duelako, lagin adierazgarria erabili duelako eta lana egiteko epearengatik edo tartearengatik ere bai. 320 lekukorekin egin dituzte elkarrizketak, adinekoak denak, eta horietako anitz hilak dira dagoeneko. Ohartarazi zutenez, horrek balio handiagoa ematen die oraindik inkestei.
Adolfo Arejita atlasaren zuzendariak eta Xarles Videgain arduradun teknikoak eman zituzten xehetasunak. «Inkestak egin ondoren [80ko hamarkadan] euskara mintzatua asko aldatu da. Nekazaritza eta abelazkuntzari loturiko gizartea tipitzen eta zahartzen joan da, eta hiritarra handitzen. Euskarazko mintzagaiak zeharo aldatu dira. Herri Hizkeren Atlasak galdetu eta bildu dituen izen asko edo galduak edo galzorian dira, bizimodu aldaketa bizkorraren ondorioz», azaldu zuten. Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, bilketa hau, tradiziozko herri-hizkera ezagutzeko eta, dagokion kasuan, berrerabilera errazteko balio duelako.
Tradiziozko bizimodu eta ingurumenaren inguruko kontuak galdetu dizkiete Euskal Herri osoko hiztunei: batetik, lurraz mintzatu dira, euskaldunak bizi diren lurraz eta bertan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzez, baita lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztez ere. Bertzetik, euskaldunekin kidetza estuan bizi izan diren animaliez solas egin dute, euren parte esanguratsuez eta euren inguruko prozesuez.
«Honi nola deitzen diozu?», galdetzen zieten lekukoei arbia erakutsiz. Ez zieten «arbia zer da?» zuzenean galdetzen. Hori gerorako uzten zuten. Bide bat baino gehiago erabili zuten inkestagileek informazioa biltzeko. 145 herri aukeratu zituzten, eta horietan, sortzez eta familiaz bertakoak ziren pertsonak, gutxi ateratakoak. Leku bakoitzean 2.857 itaun egin zituzten: lexikoaz, morfologiaz, sintaxiaz eta fonetika sintaktikoaz. Lau mila ordutik gora grabatu zituzten.
Jakinarazi zutenez, atlasaren emaitzak bi eratan kontsulta daitezke. Soinuzko datuen kontsulta egiteko, ikertzaileen esku jarri dituzte diskoak Azkue Bibliotekan. Datu transkribatuak, aldiz, nork bere etxean begiratzen ahal ditu liburuan edo diskoan. Sarean, www.euskaltzaindia.net-en, lehenbiziko bi liburukiak kontsulta daitezke, eta laster jarriko dute eskuragarri hirugarren argitalpena ere.
«Gaur errealitatea da behinola euskaltzain batzuek egin zuten ametsa» erran zuten kontent. Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita izan dira egitasmoaren buruak; arduradun teknikoak Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira; eta hainbat lagun ibili dira inkestak egiten eta transkribatzen, mapak osatzen eta informatizatzen. Batzuk Victoria Eugenian izan ziren atzo, bertze batzuk jada ez daude gurekin, elkarrizketatu anitz ere ez, eta eskerrik beroena eman nahi izan zieten denei. Epe eta asmo luzeko proiektu honen hurrengo liburura arte erran zuten agur.
Adolfo Arejitak azaldu bezala, euskara mintzatuak aldakuntza handiak ezagutu ditu, orohar. «Nekazaritza eta abelazkuntzari loturiko gizartea tipitzen eta zahartzen joan da, eta hiritarra handitzen. Euskarazko mintzagaiak zeharo aldatu dira. Herri Hizkeren Atlasak galdetu eta bildu dituen izen asko edo galduak edo galzorian dira, bizimodu aldaketa bizkorraren ondorioz».