GARA > Idatzia > Ekonomia

Fertiladour lantegian gertatutakoa argitzeko eskatu dute biktimek

Erradioaktibitatearen gehiegizko maila, lantegian baliaturiko materialek langileei eragindako silikosi gaitza eta lan istripuak direla-eta, Fertiladourreko langileen heriotzak areagotu egin dira azken urteotan. Horien sostengurako batzorde bat sortu berri da, eta gertatutako guztia argitzea nahi du. Adierazpen bat kaleratu dute, eta tokiko ehun bat hautetsi, kontseilari eta herritarren sinadurak bildu ditu jada.

p028_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Bokaleko Fertiladour lantegiak urteetan egin duen jarduerak eraginda bertan aritutako langileen heriotzei buruzko informazioa zabalduz joan da azken urteotan. 1997an ingurumenaren defentsarako CADE kolektiboak piztu zuen Fertiladourri loturiko lehendabiziko «eskandalua», lantegian atzemandako erradioaktibitate maila handia zela-eta.

Geroztik, Bokaleko lantegi horren jarduerak eta hango errautsak agerrarazitako silikosi gaitzaren kasuak eta bestelako lan istripuak ikusita, lantegiko buruzagien eta tokiko administrazioaren «axolagabekeria» salatu izan dute tokiko elkarteek.

Orotara, silikosia jasan duten hiru langileren lekukotasunen arabera, gaur egun «hogeita bost bat langilek» dute gaitza. Bi langile zendu dira geroztik. Horiez gain, 2006an lan istripuz hildako Gerard Puyo eta leuzemiaz edo minbiziz zendutako beste hamar langileren berri ere eman zuten batzordekideek.

Epidemia azterketa

Horiek guztiak kontuan harturik, eta bereziki Fertiladour lantegian gertatutakoa «argitu» nahian, biktimen sostengurako batzordea osatu dutela jakinarazi zuten atzo. Jean-Yves Deyris batzordeko lehendakariak eta Ramuntxo Garbisu kideak honakoa azaldu zuten: «Gure xedea ez da biktimak ordezkatzea, baina beraien ibilbidean sostengatu eta lagundu nahi ditugu».

Batzordea sortzearekin batera, «Fertiladouren egia exijitzeko» agiria zabaldu dutela ere azaldu zuten, ehun bat hautetsi, kontseilari, elkarte eta lagunen atxikimendua bildu duena.

Adierazpen horretan, Fertiladour lantegian gertatutakoa «behin betiko argitzeko» eskatu, eta horretarako, hainbat datu publikatu egin behar direla aldarrikatzen dute, hala nola: langile ohien eta auzokoen patologiak zehaztea eta datuak zabaltzea; lantegiak, Prefeturak kaleratu dekretuen arabera, zein betebehar dituen zehaztea; enpresan zer segurtasun arau egon diren indarrean; lantegian zer azterketa egin izan diren, bai osasun eta bai segurtasunaren aldetik; lan istripuen txostenak eta emaitzak; eta, azkenik, lurren azterketen emaitzak eta ondoriozko gomendioak.

«Lantegiko lan baldintzek izandako ondorioei buruzko datu zehatzik ez dugu. Horregatik, langile ohiei, senideei eta auzoko biztanleei azterketa epidemiologiko bat egiteko eskatzen diegu», gehitu zuen Deyrisek.

1990. eta 2000. urteetan lan sendagileek silikosiari buruzko bi alerta txosten kaleratu zituzten, enpresari neurriak hartu behar zituela gomendatuz.

«Lantegiak ez du langileentzat inongo babes neurririk hartu, eta ez da inondik ere zigortua izan, deus egin ez izanagatik», salatu zuten. 90eko txostenak, izan ere, errauts kopurua onartutako maila baino 20 aldiz goragokoa zela azaltzen zuen.

Auzitan

Apirilean zendutako Roland Gabarrus Fertiladourreko langilearen semeak zigor arloko auzibidera joko duela jakinarazi zuen atzo. Batzordeko kideek langile ohiei dei egin zieten, lekukotasuna eta sostengua ematera.

Agriva

Baionako portuan dagoen Agriva enpresa da Fertiladourren jabea. Agrivari proposatua izan zaio silikosi txostena irekitzea. Azken horrek ez du onartu txostena egon zenik, eta eskaerari ezezkoa eman dio.

Fukushimak zabaldutako erradioaktibitatearen pareko

1973. eta 1992. urteen artean Bokaleko Fertiladour lantegian material erradioaktiboa erabiltzen zuten, monazita izenekoa. Garai horretan, enpresako langile batek bere zereginean hartu edo erabili behar zuen monazita hondarrez betetako zakutxo bat erakutsi zuten batzordeko kideek, eta zuzenean neurtu haren erradioaktibitate maila: Fertiladourren 1992aren aurretik baliatzen zuten hondar horrek 8 mikrosievert zituela erakutsi zuten; eta arauek gomendatzen dutena, aldiz, orduko 0, 70 mikrosievert maila ez gainditzea dela jakinarazi zuten. «Maila hori onartuta dagoena baino hamar aldiz handiagoa da. Fukushimatik eta Txernobyletik 40 kilometrora gaur egun neurtzen den maila da», nabarmendu zuen Ramuntxo Garbisu batzordeko kideak. Izan ere, 1973a eta 1992a artean 55.000 tona monazita birrindu ziren Bokaleko lantegian.

CADE kolektiboak egoera salatu zuen 1997an, eta horren ondotik Prefetak dekretuak kaleratu zituen. 2000an, kutsadura maila ikusirik, onartezina zen langileek hor lanean aritzea; baina, jarraitu egin zuten. Prefeturaren dekretuaren ondorioz, gunean langileen segurtasunerako neurriak hartzea nahitaezkoa zen, baina, Garbisuren hitzetan, ez da sekula langileak babesteko neurririk izan. «Lantegiko buruzagitzak ez ditu segurtasun neurriak hartu; baina, Estatu zerbitzuen aldetik axolagabekeria ere izan da. Bazekiten, eta ez dute sekula deus egin», salatu zuen. Besteak beste, erradioaktibitate maila epe luzean neurtzeko langile bakoitzak dosimetro bat ukan behar zuen, eta odol eta gernu analisiak egin behar zizkieten. «Analisi eta neurri guzti horien emaitzak ez dira inon agertzen». A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo