GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko Lehiaketa

Leitzan erabakiko da bi onenak zeintzuk diren

Lopez Azurmendiren aurka arituko da, eta Rekondo Atutxaren aurka, lehiaketako bi finalerdietan.

p042_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Bihar Leitzan jakingo da aurtengo maila nagusiko Urrezko Aizkoran zein aizkolari izango diren. Izan ere, bihar, Amazabal pilotalekuan, 12.00etatik aurrera jokatuko dira bi finalerdiak.

Alde batetik, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo neurtuko dira; bestetik, Juanjo Lopez eta Iñaki Azurmendi. Lehen kanporaketan Atutxa agertzen da irabazteko faborito. Bere multzoan lehenengo izan da, ligaxkako bi saioak irabazita, eta zaleen ustez finalean izateko aukerarik gehien berak omen dauka.

Jon Rekondo arituko da haren aurka. Leitzarra izan da lehiaketako ezuste nagusia. Ez zen sailkatu ligaxkara, baina Olasagasti gaixotu egin zen Azurmendiren aurkako neurketa jokatzeko, eta azken orduan sartu zen final-laurdenetan; eta Azurmendiri irabazita sartu da finalaren atarikoan. Galtzeko gutxirekin eta ilusioz gainezka joango da bihar; gainera, bere herritarren aurrean arituko da, eta horrek berak ere eman behar dio bizitasuna.

Beste aldean, finalerdietako bi beteranoenak neurtuko dira: Juanjo Lopez eta Iñaki Azurmendi. Gipuzkoarra bere multzoko onena izan zen Rekondorekin galdu eta Larretxeari irabazita, baina hiru jardunaldietako denborak batu ostean, bera izan zen onena.

Juanjo Lopez ere ligaxkan saio bat irabazi eta bestea galduta dator finalaren atarikora. Irabazi egin zion lehen saioa Mugertzari, baina galdu egin zuen Atutxaren aurka.

Saio orekatua dirudi, baina ez da lan luzea bakarrik, proba ezberdinak daude, eta honelakoetan gauzak aldatu egiten dira. Dena den, ez dago faborito garbirik, eta zutikako enborrak izan daitezke final honetako erabakia hartzen lagundu dezaketenak. Beste mailetako finalak, berriz erabakita daude. 15 urtez azpikoetan Zabaleta eta Vicente II.a neurtuko dira. 19 urtez azpikoetan Otaño eta Saralegi, eta 23 urtez azpikoetan Atutxa eta Larretxea. Bizkaitarra, ordea, maila nagusiko finalean sartzen baldin bada, datorren asteburuan finalerdietan kanporatutako beste biak Erasunek, eta Mugertza III.ak, elkarren aurka jokatu beharko dute, Larretxearen aurka finalean zein arituko den jakiteko; baina horretarako bihar Atutxak irabazi behar du.

Hiru herrialde

Maila nagusiko finalerdietan Nafarroa izango da ordezkaritzarik gehien duena, bi aizkolari sartu baititu. Gipuzkoak eta Bizkaiak, berriz, bana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo