Sokatira
640koan ere besteen gainetik dagoela erakutsi nahi du Goiherri taldeak
Goiherri taldeak 680 kilokoan erakutsi duen nagusitasun bera erakutsi nahi du gaur abiatuko den 640 kilokoan ere. Hiru jardunalditako ligaxka jokatuko da honakoan ere, eta estreinako saioa gaur izango dute, Getxon, 17.30etik aurrera.
Pisu honetan ere 680ko talde berak neurtuko dira. Bertan, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B, Mutriku eta Getxo izango dira.
Goiherri izango da txapela lortzeko faborito, eta badirudi Mutriku eta Gaztedi izango dituela aurkari zuzenak.
Nafarroakoa
Nafarroako lauko Txapelketan, azkeneko jardunaldia jokatuko da Berriozarren, 17.00etatik aurrera. 300 kilokoan azkeneko ekinaldia jokatuko da.
Amaiur, Imotz, Berriozar, AST, Basaburua, Txantrea eta Kaskailueta izango dira nor baino nor arituko diren taldeak.
Orain artekoan Amaiur jaun eta jabe ari da agertzen lehiaketa honetan, eta pasa den astean berak irabazi zuen lehen jardunaldia, eta gaur txapela lortzeko ere faborito nagusia izango da. Imotz taldea sailkatu zen bigarren postuan, eta Berriozar izan zen hirugarren sailkatu zena.