GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI JASOTZEA

Aimar Irigoienek ez luke Gipuzkoako txapelari eusteko arazorik izan behar

p042_f02_97x96.jpg

J.L.

Aimar Irigoien izango da Gipuzkoako txapela janzteko faborito garbia, gaur, 18.00etatik aurrera, Urnietan jokatuko den Gipuzkoako Txapelketako finalean. Gauzak normal joanda, errezildarrak ez luke aparteko arazorik izan behar txapela janzteko.

Berarekin batera, Aimar Galarraga, Unai Lertxundi, Urtzi Telleria eta Jexuxmari Urrutia lehiatuko dira. Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko harri kubikoa, eta 100 kiloko bola erabili beharko ditu. Kirolari bakoitzak, gainera, hiru minutuko txanda izango du harri bakoitzarekin.

Badirudi lehia bigarren posturako egon daitekeela, Lertxundiren eta Telleriaren artean. Galarragaren eta Urrutiaren lana, berriz, ikusteko dago.

Urnietara bertaratzen direnek, gainera, Gipuzkoako txinga txapelketako finala ere ikusgai izango dute. Juanjoxe Agirregabiria, Juanjo Aguado eta Andoni Zubiaurre izango dira lehian arituko diren hiru kirolariak. Bakoitzak esku bakoitzean 50 kilo pisatzen dituzten txingak hartu, eta ahalik eta metrorik gehien egitea izango dute helburua. Harri-jasotzen Irigoien baldin bada irabazteko faborito nagusi eta garbia, hemen Agirregabiria da txapela lortzeko faboritoa. Azkeneko urteetan txapela berak jantzi du, eta nahiko erraz aritu da, gainerakoei aldeak ateraz. Beste biek zaila, oso zaila izango dute bera mendean hartu eta berari txapela kentzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo