Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Literatura eta geografia
Facebook bezalako sare sozialen rolaren gainean ikuspegi ezkorra eskaini nuen aurreko zutabe batean. Bada, zenbait talde eta erakunde modu miresgarrian erabiltzen ari dira aipatu gunea. 2001ean literatura eta itzulpengintza bultzatzeko Britainia Handian sorturiko irabazi asmorik gabeko Literature Across Frontiers plataformak, esaterako, antolatzen dituen ekitaldiak iragartzeaz gain, «lagun» dituen horiei eztabaidarako gai interesgarriak proposatu ohi die Facebooken. Literature Across Frontiers delakoak «should an author represent their culture or their country?» (egile batek bere kultura ala bere herrialdea ordezkatu beharko luke?) galdera egiten zigun duela egun batzuk. Istanbuleko Maria Siak izan zen eztabaidari heltzen lehena, eta obren edukia aintzat hartuta zera esan zuen: «Egileak ezin du saihestu jaio eta hazi zen herrialdeko zenbait ezaugarri bere egitea, baina horrek ez du esan nahi pertsona hori testuinguru horren barruan aritu behar denik beti… edozein herrialdeko edozein herritarren tokian jartzen saiatzen diren egileak dira maiteenak eta ezagunenak…». Nire ustez, eta hala adierazi nuen, herrialdekako sailkapena gatazkatsua izan daiteke, izan badirelako herrialde/kultura bat baino gehiagoren kide sentitzen diren idazleak. Plataformako ordezkariek heldu zioten eztabaidari ondoren, eta gaur egungo literatur munduaren egoera kontuan hartuta «arazoa zera da, liburuaren merkatuan egile bat bere herrialdearen ordezkari bihur daitekeela nahi gabe, herrialde horretako liburu gutxi itzuli izan direlako. Horrek ahalbidetzen du estereotipoak indarrean egotea».