GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MEI ESTUDIOA, BILBAO LORATEGIA 2011KO IRABAZLE

Landareek hiriko espazioa aldarrikatu dute

Bilbao Lorategia ekimenaren hirugarren edizioko irabazleak zein diren jakinarazi zuten atzo. Hogei proiektu gauzatu dira hirian eta uztailaren 10era arte ikusgai izango dira. Zorrotzan kokatu den Mei estudioko «Hazihezihasi» lanak jaso du lehenengo saria eta Bilborako proiektu berri bat sortzeko aukera izango du.

p008_f01_177x112.jpg

Ane ARRUTI

Lore etxean biziko gara», abesten zuen Balerdi Balerdik Iruñeko gaztetxe eraitsiaren alde. Oraingoan, ordea, loreak izan dira kalea hartu dutenak eta, egun hauetan, lorezko etxeak, mahaiak, graffitiak edo dragoiak ikusteko aukera dago Bilbon. Hirugarren aldiz, Bilbao Lorategia ekimena iritsi da hiriko hainbat plaza eta txokotara, eta aurkeztutako 134 proiektuetatik hogei gauzatu dira. Parte-hartzaileek hamar egun izan dituzte paperean pentsatutakoa, lekuan bertan, lorez eta egitura bitxiz hezurmamitzeko eta, aldi berean, herritarrak sortze prozesu horren testigu izan dira.

Epaimahaiak, ostegunean lorategi guztietatik ostera egin ondoren, atzo eman zituen ezagutzera hiru irabazleen izenak. Lehenengo postua Mundaka eta Bilbo artean kokatzen den Mei estudioko Naroa Oleaga eta Ula Iruretagoiena arkitektoentzat izan zen. Zorrotzako azoka plazan osatu dute «Hazihezihasi» proiektua. «Mahai handi moduko bat egin dugu eta landareak ukitzeko eta usaintzeko altura egokian daude. Mahaian bertan zulo batzuk jarri ditugu eta barrura sartu zaitezke, landarez inguratuta bazina bezala sentitu», azaldu zuen Iruretagoiena bilbotarrak.

Edertasun estetikoari baino, funtzionalitateari eta baloreei eman diete garrantzia. «Edertasuna beste zentzu batzuetan bilatu nahi izan dugu. Kritika egiten dugu zerbait ederra dela esateko azpimarratzen diren balioen gainean. Beste ikuspegi batetik, ederra izan liteke, adibidez, landareen ekosistema osoa ezagutzea», erantsi zuen. Zentzu horretan, lore ederren alboan ipini dituzte porruak edo urazak. Aldi berean, «landare lagun» kontzeptua ere landu dutela azaldu zuen bilbotarrak. Horrela, landatuta dauden moduagatik, elkarri laguntzen diote: intsektuak erakarri edo urrunduz, ur gehiago edo gutxiagoren beharra aztertuz...

«Ikastola mahaia» ere deitu zion Iruretagoienak proiektuari eta jarraipena izatea gustatuko litzaioke. «Bilboko ikastola batzuekin harremanetan jarri gara, baita Urdaibaiko Biodibertsitate zentroarekin ere». Zorrotzako bizilagunekin izandako esperientzia benetan positiboa izan dela nabarmendu zuen. «Asko gustatu zaigu nola hurbiltzen zen jendea, porru eta urazak adibidez ezagunak egiten zaizkie eta naturarekin kontaktu hori eskaintzen diote. Aurrerantzean zainduko dutela espero dugu».

«Graffiti garden», ziklo oso bat

Hiria eta lorategiak uztartzea izan da bigarren aldiz bigarren saria eskuratu duen «[(Graffiti) Garden]3» proiektuaren erronka. Errekalde plazan sortu dute Urtzi Arteagoitiak, Mikel Sarriegik eta Igor Rezolak, iraungitzearekin jolasten duen lana. «Abiapuntua lorategien efimerotasuna edo iraungikortasuna izan zen. Jaialdi hau laburra da eta bi, hiru hilabetean desagertu egingo dira lanak», azaldu zuen Basoinsa SL-ko Sarriegik. «Bestalde, hirian egiten den jaialdia denez, saiatu ginen hiriari lotutako beste elementu bat hartzen eta hori da graffitia. Zerbait hiritarra, estetikoki oso gogorra eta jardin klasiko batetik oso urrun dagoena». Ziklo oso bat egitea hartu zuten helburu, «ez genuen, besterik gabe, lorategi bat graffiti batekin egin nahi, baizik, graffitia bera izan zedila lorategi eta lorategia bera graffiti aldi berean». Zumezko euskarri berdea jarri diote horretarako eta horren gainean graffiti bat margotu, zuzenean. «Asmoa da landare horiek loratzea eta graffiti hori berriz bihurtzea lorategi, berriz berde, eboluzio bat edo ziklo bat ixteko».

Leioako talde honi Errekaldeko plaza tokatu zaio kokaleku eta auzotarrengana hurbiltzeko ahalegin berezia egin dute. «Gaia kokapenari egokitu nahi izan diogu. Bertako auzo elkartekoekin egon ginen, bertako jendearekin, eta ikusi genuen denboraren lotura hori auzoko eboluzioarekin lotu zitekeela. Auzo berde eta bukoliko batetik, Bilboren garapenaren ondorioak bizi izan zituzten eta hor dago presente zubi-bidea», esan zuen Sarriegik. «Auzoak ere lorategia berea balitz bezala sentitu dezala».

Hirugarren sailkatua, berriz, Valentziatik eta Bartzelonatik iritsitako «El elogio de la sombra» proiektuarentzat izan zen. Anna Santacreuk eta Sergio Garcia Gascok osatu dute lan hau eta Txurdinagako Garai lorategietan dago kokatuta. Egurrezko kutxa txiki bat da eta barruan aurkitzen da lorategia. Ikusi ahal izateko barrura sartu beharra dago eta, argi trataera zaindu baten bidez, misterio ukitua ematen dio bisitaldiari.

Bigarren eta hirugarren sarituak hemendik bi urtera egingo den laugarren edizioan parte hartzeko aukera izango dute; aurten aurkeztu diren proiektu kopurua ikusita, zuzenean sailkatzea ilusioz jaso zuten atzo.

Auzoz auzo, hogei ustekabeko

Hiru proiektu sarituak gainerako hamazazpi lanekin batera ikusgai izango dira datorren uztailaren 10era bitartean. «Espazio horietako bakoitza bereziki hautatu da hiri osoan zehar sormenezko ehuna eraikitzeko, Bilboko hiritarrek auzo desberdinetatik igarotzeko aitzakia izan dezaten, lehiaketako lorategi multzoa ikusi eta gozatzen duten bitartean», adierazi zuten lehiaketako antolatzaileek.

Ikusmin berezia sortu duen proiektuetako bat izan da, esaterako, Pio Baroja plazan kokatutako «Etxe-lorea». Gemma Parreñok albazetearrak diseinatu duen etxea da, bere sarrera, sukalde, komun, logela eta egongelarekin, baina elementu guztiak loreek inbaditu dituzte. «Hausnarketa batetik abiatu nintzen, lorategi garaikideak hiritarrekiko harremana galdu du eta zerbait interaktiboa proposatu nahi nuen», azaldu zuen muntaketan ari zen bitartean. «Lan zailena sofa sortzea izan da», aitortu zuen, «zelai moduko batekin estalita dago eta jendea bertan eser daiteke telebista ikusteko».

Indautxu plazan berriz, Valentziako Guillem Planchadellen «Drac Groc» proiektua dago ikusgai. «Bi abiapuntu ditu: lehenengoa, mugimenduarena, dragoiekin egiten den dantzarena; bigarrena, kultura ezberdinen arteko hartu-emana, teknologia berriekin gaur egun posibleagoa dena».

Egitura ikusgarria osatu dute, bestalde, Arte Eder museoaren parean sortu duten «CanyaBilbo» proiektuan. Banbu-kanaberak erabili dituzte «klima egokia sortu» eta «lurrarekin batasuna» mantendu dezan. «Euriaren ura berbideratu egiten dugu, itzalak ere kontrolatuz eta lurreko humusa zainduz. Gure ideia da lorategiak bere kabuz mantentzeko ahalmena izatea, euria aprobetxatuz eta hildako landareekin lurra aberastuz», azaldu zuten.

EPAIMAHAIan Hiru gonbidatu, hiru lorategi gehiago

Edizio honetako epaimahaiak hiru gonbidatu izan ditu: Benedetta Tagliabue italiar arkitektoa, Angel Pavlovsky transformista argentinarra eta Kirmen Uribe idazle euskalduna. Hauek ere lorategi bana sortzeko aukera izan dute. Guggenheim museoaren ondoan kokatu du italiarrak «Metal untxia» lana. Argentinarrak, berriz, eskuz eta hankez osatu du berea, Arriaga plazan.

Kirmen Uribek, bestalde, udaletxe parean sortu du «Aliziaren gordelekua». «Etxean ume txiki bat daukagu eta niri asko gustatzen zaizkit `pop-up' liburuak, ireki eta figurak ateratzen diren horiek. Horregatik nahi izan dut Aliziaren balizko pop-up bat egin. Asko markatu nau liburu horrek, eta zuloan sartzearen kontu hori Bilboko Gargantuarekin erlazionatu nahi izan dut», azaldu zuen. A.A.

Kirmen Uribek sortutako «Aliziaren gotorlekua» udaletxe aurrean dago.

134

proiektu aurkeztu dira hirugarren edizio honetan eta horietatik hogei aukeratu dira gauzatu ahal izateko. Uztailaren 10era arte izango dira ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo