GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maitiak, EEPko buru berriak, euskararen erabilerari emango dio lehentasuna

p019_f01.jpg

A.B. | BAIONA

Frantxua Maitia kontseilariak, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaritza kargua hartu berri duela, erakundeak aurretik landu duen ildoari jarraipena ematea izango duela helburutzat jakinarazi zuen atzo.

«Euskara ondare garrantzitsu bat da, eta instituzioek beren gain hartu behar zuten xedearekin sortu zen EEP egitura, beraz, kontsentsu eta helburu horrekin jarraituko dugu lanean», esan zuen. Max Brisson buruzagi ohiak transmisioari eman zion lehentasuna; eta Maitiak, berriz, hizkuntzaren erabilera sustatzea izanen duela helburu jakinarazi zuen. «Transmisioa garrantzitsua da, eta sail hori azkarki jarraitu behar dugu. Baina transmisioarekin, erabilera ere sustatu beharra dago», argitu zuen. Ez zuen zehaztu zein ekintza bideratuko duen horretarako. Halere, nabarmendu zuenez, inguru euskalduna sortzeko, zerbitzu eta administrazioan euskarazko harrera garatzea eta euskarazko aisialdi eskaintza areagotzea, bere iritziz, egin beharrekoak dira. Horrekin batera, Baxua euskaraz egiteko eskaera aipatu zuen: «Aurten ezinezkoa izan da egitea, baina, errektore buruak bere gain hartu du gaia, eta egungo esparrua aldatzera engaiatu da. Baina ez du eperik eman».

Max Brisson lehendakari ohia omenduz hasi zuen Frantxua Maitiak atzoko agerraldia. «Sorpresa handia izan da ikustea zer-nolako inplikazio azkarra erakutsi duen sei urteotan Max Brissonek egiturako buruzagitzan», goraipatu zuen.

Azkenik, euskarak beharrezkoa duen legedia eskaera ere aipatu zuen, eta, argi utzi zuen EEP egituraren lana ez zela militantziarena. «Legez ezagupenik ez badu ere, praktika argi eta zehatza edukiz euskarak egunerokotasunean bere lekua lortzeko lan egiten du EEPk», bukatu zuen Maitiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo