Azken ostiralean, milaka lagunek aldarrikatu dute presoen etxeratzea
Milaka lagun kalera irten ziren atzo Euskal Herrian, preso eta iheslari politikoen etxeratzea eskatuz, hileko azken ostiraleko dinamikari jarraituz. Goizetik, Donostialdea, Oarsoaldea, Urola-Kosta edo Leitzako lantegien atarietara eraman zuen LABek protesta. Iluntzean, herriz herri, beste ehunka mobilizazio izan ziren, Etxeratek eta amnistiaren aldeko mugimenduak deituta. Abian den aro berrian, presoak aske izatea «ezinbesteko» dela defendatu zuten.
GARA
Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eskatuz, ekimen ugari izan ziren atzo Euskal Herrian. Goizetik hasita, LAB sindikatuak ehunka lagun bildu zituen enpresen edo lantegien atarietan egin zituzten dozenaka elkarretaratzeetan. Iluntze partean, berriz, herriz herri Etxeratek eta amnistiaren aldeko mugimenduak deituriko elkarretaratzeak egin ziren.
Martxoan jarri zuen LABek «eskubide zibil eta politikoen aldeko» kanpaina martxan, eta horri jarraituz, hainbat ekimen egin dituzte, tartean, presoen eskubideen aldeko lana enpresa arloan zabaldu eta indartzearena. «Euskal presoak lantegietara» lemarekin, orain arteko dinamiketan sakondu eta konpromiso berriak bultzatu ditu LABek azken hilabeteotan, eta atzo, herriz herri, lantokiz lantoki, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari (EPPK) ezartzen dioten espetxe politikaren erabateko aldaketa exijitu zuten.
LABek dinamika honekin duen asmoa bikoitza da; batetik, egun euskal presoek bizi duten egoeraren gaineko salaketa enpresetara eraman eta konpromisoak bultzatzea, eta bestetik, herrietan hileko azken ostiraletan antolatzen diren ekimenetan nahiz LABek propio bultzatutakoetan langileen parte hartzea indartzea.
Euskal Herrian zabaldu den garai berriaren aurrean, aldaketa politikoaren bidean, gutxiengo demokratikoen aldeko lanean langileek aktibo izan behar dutela defendatu zuen atzo sindikatuak.
Donostiako Bulebarrean, esaterako, dozenaka lagun bildu ziren eguerdian egin zen elkarretaratzean, «Estatus politikoaren alde, euskal presoak etxera» lelopean, baita Hernaniko Zinkoenean ere. Beste hainbat eskualdetako lantegien atarietan ere elkartu ziren langileak presoen etxeratzearen alde. Oarsoaldean, esaterako, Irungo CAFen, Errenteriako Niessen-en, Pasaiako portuan, Oiartzungo Carrefourren eta Pasaiako udaletxearen atarian. Urola-Kosta eskualdean, berriz, Azkoitian Eroskiko biribilgunean, Azpeitian Landetako biribilgunean, Zestoan Arroako ordainlekuko biribilgunean, Zarautzen udaletxearen aurrean eta Zumaian herri sarrerako biribilgunean. Leitzan, azkenik, Sarriopapeleko langileak ere kalera irten ziren.
Auzo eta herrietan, iluntzean
Konponbide demokratiko baten aldeko apustuan, Euskal Herrian preso politikoen eskubideak defendatzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuen atzo Etxeratek. Hileko azken ostirala izanda, preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak azken asteotako gertakarien gaineko hausnarketa zabaldu zuen herriz herri nahiz hedabideetan. Egungo «eskubide urraketa» eta «xantaia amaigabeari» bukaera eman, eta presoen kaleratzea zein iheslarien etxeratzea «historia liburuetan lehentasunezko orrietan markatzea behar dugula» defendatu zuten. «Bidea dugu egiteko, bidea egitera goaz eta horretarako guztion parte hartzea beharrezkoa izango da», dio zabaldu zuten testuak.
Hein horretan, urtarrilaren 8an Bilboko kaleak leporaino bete zituen manifestazioarekin hasi zen bideari segida ematera deitu zuen Etxeratek; hala, hurrengo urratsa ekainaren 12rako Bilbon antolatzen ari diren «ekitaldi berezia» izango da. Herenegun Egin Dezagun Bidea ekimenak iragarri zuen egun horretan 12.30ean Guggenheimetik irtengo den martxa, ondoren Areatzean jarraituko du egitarauak, eta atzo Etxeratek herriz herri zabaldu zuen deialdia «ekimenak arrakasta izan dezan».
Herrien arteko elkartasuna
Etxeratek, elkarretaratzeetarako bidalitako oharrari, baina, «herrien arteko elkartasunari» erreferentzia eginez eman zion hasiera: «Munduko beste bazter batzuetan espetxe politika bortitzen eragina pairatzen ari diren preso politikoekiko elkartasuna». Txilen, preso maputxeek 70 egun baino gehiago gose greban bete dituztela gogorarazi zuten, euren kontra aplikatzen den «legedia terrorista» salatzeko. Turkian ere, preso politikoek «erasoaldi bortitzak» jasan behar izan dituztela-eta, Etxeratek «elkartasunik beroena» agertu nahi izan zien.
Elkarretaratzeetan, Irlandako preso errepublikarrek Long Kesheko espetxean euren eskubideen alde egin zuten gose greba luze eta gogor haren 30. urteurrena bete dela ere gogorarazi zuen senide eta lagunen elkarteak.
«Baldintza ankerrei» eta britainiar Gobernuaren xantaiari aurre eginez, preso errepublikarrek euren borroka muturreraino eraman zuten. 1981eko maiatzaren 9an hil zen Bobby Sands kazetari, poeta eta legebiltzarkidea, 27 urterekin eta 66 eguneko gose grebaren ondorioz. Ondotik hil ziren Francis Hughes, Ray McCreesh, Patsy O'Hara, Joe Mc Donell, Martin Hurson, Kevin Lynch, Kieran Doherty, Thomas McElweek eta Michael Devin. «Egun, Irlandako historiaren parte dira. Errepresioaren oinarririk beltzena pairatu zuten, baina egunotan omenaldiak eta errekonozimenduak dagokien lekuan ipini dituzte. Historiaren orrialderik aipagarri eta zirraragarrienetan», dio Etxeraten oharrak.
Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, bestalde, «historian lehenbizikoz» euskal preso politikoen aldeko azken ostiraletako dinamika Argentinara ere iritsi da: Buenos Airesen elkarretaratzea egin zuten.
«Espetxeak irekitzeko indarra»
Amnistiaren aldeko mugimenduak ere hileko azken ostiralean Euskal Herriko ehunka txokotan egin ziren elkarretaratzeetara joateko dei egin zuen atzo, preso politikoen eskubideen alde. Euskal Herrian ireki den aro politiko berria «oinarri sendoen gainean egonkortzen» ari dela-eta, bizi dugun gatazka politikoaren konponbidean «urrats garrantzitsuak» gertatzen ari direla azaldu du errepresioaren aurkako mugimenduak ohar bidez.
Adierazi dutenez, bide horretan, euskal preso eta iheslariak, eskubide guztien jabe, libre izatea «beharrezkoa» da eta «lorpen hori Euskal Herrian egiten dugun lanaren ondorioa izango da». Gainera, espetxeetako giltzak gobernuek dituzten arren, euskal gizarteak «espetxeetako ateak irekitzeko adina indar» baduela aldarrikatu dute.
Aurrera begira ere, mobilizazioekin eta eremu guztien inplikazioarekin jarraitzeko dei egin du erakundeak. Hein horretan, atzokoan bezala, hileko azken ostiraletan antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera animatu dute gizartea.
Hogeita hamarren bat lagun Villabonako (Asturias) espetxe atarian zain zituen Elias Fernandez preso bermeotarrak atzo goizean, 25 urte espetxean emanda zigorra osorik betetzen zuela-eta. Azken unean, baina, Gorenaren Doktrinaren berri eman zioten presoari; 3 urtez luzatu diote kondena. Fernandezek bazuen irteera eguna atzokoa zela ziurtatzen zuen oharra. Beraren bikotekideak habeas corpus-a eskatu zuen eta abokatuak salaketa jarriko du.
Auzitegi Nazional espainolak, bestalde, zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zien atzo Julen Etxaniz eta Arkaitz Landabereari ETAko kide izatea egotzita. Bi donostiarrak 2008ko abenduaren 12an atxilotu zituzten, eta orduz geroztik Estatu espainoleko espetxeetan sakabanaturik dauzkate. Xabier de la Maza gaztea, berriz, aske geratuko da 30.000 euroko bermea ordainduta, amnistiaren aldeko mugimenduak atzo jakinarazi zuenez. 2009ko azaroaren amaieran egin zuten operazioarekin lotuta, abenduaren 18an atxilotu zuten, espetxeratua eta sakabanatua izan zen, eta hilabete hauetan guztietan Madrileko Soto del Realen eta Alacanteko Foncalenteko espetxeetan eduki dute preso. GARA