ANáLISIs | tras el 22-m
Hauteskundeak giltzapean
Xabier IZAGA I
Zortziak baino lehen, euskal preso politikoen mahai gainetan folio bat eta boligrafo bat egoten da. Batzuek koadro bat marrazten dute, orrialdearen goi partean alderdi politikoak eta ezker partean, goitik behera, herrialdeak idatzita, edo alderantziz. Zortziak jo orduko, mahai aurrean eseri eta irratiz edo telebistaz lehenengo datuak entzuten hasiko dira, kontaketen ehunekoa aurreratuta samar egon artean zundaketek islatutakoa oso aldakorra izan daitekeela jakin arren.
Garai batean, 80ko hamarraldiaren bukaera arte, hauteskunde gaueko ospakizunak edo begirada itzaliak, analisi ahalik objektiboenak kolektiboak ziren. Soria, Carabanchel, Puerto de Santa Maria, Alcalan... telebista gelan bilduta, oihuen eta berehalako balorazioen artean jasotzen zituzten hauteskunde emaitzak.
Harrezkeroztik, gehienetan bakarrean jasotzen dituzte, noizbehinka leihotik leihora zehaztasun handirik gabeko informazioa trukatuz, euskal preso gehienek ez baitute sorterriko emisorerik entzun edo telebista katerik ikusterik, eta telebista eta irrati espainiarrek Euskal Herriko datu orokorrak baino ez dituzte emango. Suerte apur batez, hiriburu eta udalerri handietako emaitzen berri jakingo dute.
Badakite hauteskunde jakin batzuek ez dituztela ataka horretatik libratuko, badakite beren inguruabar pertsonaletarako mesedegarriak zein kaltegarriak izan litezkeela. Baina beren inguruabar pertsonalak hobetzea izan balute helburu, ez ziren dauden atakan egongo. Nolanahi ere, hezur-haragizkoak dira eta badakite, halaber, hauteskunde emaitzek beren egoera pertsonalean eragina izan lezaketela.
Hurrengo egunak hauteskundeen gaineko berrien zain igaroko dituzte. Sorterriko egunkariak pare bat egunen buruan iritsiko dira... hiru edo lau egunen buruan emaitza onak badira. Egunkariko lehenengo orrialdeari bistadizoa emanda, erdikoetara joko dute, lehenik herriko emaitza ikusteko irrikan, eta albokoa, eta halakoren eta bestelakoren herrietakoa. «Hamabi boto ziztrinengatik...», «gurean harrapa eta pasa», «guk eutsi egin zioagu» eta gisakoak entzungo dira. Eta azterketa konparatiboari ekin ondoren, aldaketa soziologikoa ondorioztatuko dute, onerako nahiz txarrerako. Emaitzak onak badira, azterketa horretan beren egoera pertsonalak ez du lehentasunik. Gero, beharbada, bilakaera politikoa eztabaidatu ondoren, mesedegarria bada, «gure kontu hau ere konponduta legoke». Eta erdipurdiko emaitzak izanda ere, euren egoeraren gaineko gogoetak itxaron beharko du. «Zaila da gure egoerak okerrera egitea», adostuko dute.
Hurrengo asteburuko bisitak ere informazio iturri izango dira. Kaleko giroa, auzoetako emaitzak... Poza etxekoekin eta lagunekin partekatzeko garaia da, edo adorea ematekoa, baina adore-hitz eta keinu gehienek barrutik kanpora egingo dute.
Espiritu hori Joseba Sarrionandiak adierazi zuen ondoenik kartzelako lagunei idatzitako XI. gutunean: «Polizia, bankero, ugazaba eta apezak/ `terrorista' esaten dizuete,/ eta are barregarriagoa bestaldeko jendea/ `heroe' deitzen,/ zuei, estatuen harri gatibutza inola/ ametitzen ez duzuenoi,/ libertatearen aldeko burrukan libertatea/ galdu duzuen giza zatioi».
Hego Euskal Herriko azken hauteskundeetarako kanpainan, zenbait lagun ezagunek hautagaiei idatzitako gutunak argitaratu zituen egunkari honek. Ez da irudikatzen zaila euskal preso politikoek idatziko luketena edo, hobeto esan, aspaldi luzetik idatzi duten hitzik gabeko mezua asmatzea. Egunik egun oinazez egindako mezua. Eurak inork ez ditu hautatu, hautagai ere ez dira izan; hala ere, lehentasuna dute beren buruari eskatutako konpromisoa, beren herriari eskaintzen diotena. Hauteskundeetan herritarrek hautatzen dituztenek ez lukete ispilu makala presoen konpromiso hori, eta espiritu hori.
Maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren Euskal Herrian zabaldu den poz eta itxaropen bera zabalduko zen espainiar eta frantziar kartzeletan barrena, euskal iheslari bat dagoen munduko azken bazterreraino. Badute hartarako motiborik. Haien poza eta itxaropena beren herria askatasunetik gertuago ikustearen ondorio da lehenik. Baina hezur-haragizkoak dira eta orain herri horri dagokio euskal preso eta iheslariak lehentasunetako bat izatea.