GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Michael Sands-en azken tragoa

Jenny-ri berari, enpresaren emaitza arrakastatsuak aldarrikatu eta gero, eskapatu zitzaion zein den loa galaraz liezaiekeen bakarra: «Bildu ez dadila izan Nafarroa gobernatzeko giltza»

Michael Sands gauean iritsi zen hamasei urtez zuzendari egondako enpresara. Hamasei urtez zuzendari, baina hogeita lau urte zeramatzan zuzendaritzan. Erraz da esaten. Eta orain hurbil zeukan azken urte nekagarriotan amesturiko unea; laster zuzendari kargua -eta kargak, batez ere kargak- utzi, eta haren ordezkoa Jennifer Barsin, Jenny, izango zen.

Zenbatetan ez ote zion bere buruari galdetu ea unerik egokiena zein zen zuzendaritza Jennyren esku uzteko. Eta oraindik, zalantza-dantza.

Egoitza nagusiaren bulegora joatea erabaki zuen gau hartan, agenda ahaztua zuen aitzakiarekin. Bizkartzainei esan zien bost minutuko kontua izanen zela eta bulegora sartu zen, bakarrik.

Bulegoan haritzezko mahaiaren gainean zetzan agenda beltza, baina ez zuen hartu. Izan ere, hitzordurik gabeko agenda bat baino objektu absurdoagorik ba al dago munduan? Zuzendariaren benetako agenda Jenny-ren hitzorduez zipriztinduta egonen zen harrezkero. Michael Sandsen agenda ez zegoen hutsik, baina azken hamabost urteotan izandako bilera, bilkura, hitzordu eta konpromisoekin alderatuz gero, ñimiñokeriak, kontu ttipiak, ekitaldi ganoragabeak ziren. Hitzordurik gabeko agenda bat gauza tragikoa dela iruditu zitzaion.

Boterea, letra larriz idatzitako Boterea Jenny-ren eskuetara pasatu behar zen eta boterearekin batera, agenda bete-bete bat, eta zurezko mahai dotore hori, eta larru beltzeko besaulkia. Hor zegoen besaulkia. Tentaldia gogorregia zen, eta «haragia ahula da», katiximan ikasi zuen gisara. Horregatik larruzko besaulki dotorean eseri, eta hankak luzatu zituen; gero, inor aurrean ez zuelarik egin ohi zuen eran, ezkerreko hanka haritzezko mahai gainean jarri zuen. Profitatu behar zuen ordu horretan atearen beste aldean zeuden bizkartzainak izan ezik egoitza osoa hutsik zegoela. Gelan bera baizik ez zegoen, eta berarekin batera, gorderik zeukan Jack, botila bat Jack Daniel's. Haritzezko mahai dotorearen azken tiradera giltzarekin ireki eta bourbon botila atera zuen, azkenekoz egiten ari zelako sentsazioarekin.

Basokada bat bete zuen, eta izotz pusketarik gabe hartzea deliberatu zuen. Ederki eserita zegoen eta ez zeukan gogorik altxatzeko; bazuen bizkartzain bati deitzea, baina eskuineko hanka ere mahai gainean jartzeko gogoa gailendu zitzaion eta hala egin zuen. Gainera, ez zuen nahi bizkartzainak ikustea hanka mahai gainean jarrita azken egunaren azken gauean.

Michael Sandsek begiratu zion anbar koloreko likido bizigarriari, ziur egon arte edalontzia ederki beteta zegoela. Botila itxi eta tiraderan sartu zuen atzera. «Jenny-rentzako oparia», pentsatu zuen sarkasmo puntu batez. Michael Sandsek zurrupa bat eman zion bourbon ederrari eta zintzurretik beheiti zihoakiola bizkortzen zela nabaritu zuen. Han zegoen, hamabost urte luzeetako azken egunean, Jack laguna eskuetan eta bakar-bakarrik bere iratxoekin.

Azken hilabeteotan bidaide izandako iratxoak hor zeuden berriz. Karguari uzteko ala eusteko barne borroka hasi zenetik bidaide zituen iratxo gorria eta iratxo berdea hor zeuden, anbar koloreko bourbonean igeri.

Isiltasun ozenean, iratxo berdeak «Segi, segi!» ozenak egiten zizkion. Iratxo gorriak, aldiz, «Utzi, utzi», oihukatzen zuen. Bourbon anbarraren alde banatan, semaforo baten argiak balira bezala, iratxo berdeak aitzina egiteko aholkatzen zion, bide luzea zuela artean; iratxo gorriak, aldiz, gelditzeko ordua zela oroitarazten zion, bidea emateko ordua.

Eta diskurtso jakin bat zegoen, jendaurrean esan beharrekoa; baina kezkatuta zegoen, eta jendaurrean ere ihes egin zion kezkak: «Bildurena espero nuen, baina horrek ez du esan nahi kezkatzen ez nauela: biziki kezkatzen nau». Egia esan, Jenny-ri berari, enpresaren emaitza arrakastatsuak aldarrikatu eta gero, eskapatu zitzaion zein den loa galaraz liezaiekeen bakarra: «Bildu ez dadila izan Nafarroa gobernatzeko giltza».

Kox-kox atean jo eta erantzunik jaso gabe atea zabaldu zuen bizkartzainak erabakitasunez.

-Berandu da, jauna. Autoa zain duzu honezkero.

Michael Sandsek bere baitarako maldizio txiki bat bota zuen: bizkartzainak harrapatua zuen hankak mahai gainean jarrita, noiz eta azken egunean harrapatu ere. Baina jadanik ez zuen garrantzirik. Ezerk ez zuen garrantzirik jada.

Bizkartzainari baino, haren buruari egin zion arrapostu Michael Sandsek.

-Berandu da, bai.

Hanka mahai gainetik kendu baino lehen, trago bakar batez hustu zuen bourbon basokada.

Jack Daniel'sek ohi baino zapore garratzagoa utzi zion aho-sabaian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo