Gazteen kriminalizazioaren aurka, itxialdia eta kontzertuak
Azken lau urteetan 230 gazte independentista atxilotuak izan dira Euskal Herrian eta horietako gehienak espetxeratuak izateaz gainera, tortura testigantza larriak eman dituzte. Orain, kartzelatik ateratako gazte hauek Gazte1+ez! plataforma eratu eta itxialdia egingo dute Donostian ekainaren 6tik 10era, eurek jasandako errepresioa beste gazte bakar bat gehiagok ere jasan ez dezan. Horrez gain, ekainaren 11rako, jaialdia antolatu dute Usurbileko frontoian.
Oihana LLORENTE |
Euskal gazteriaren defentsan, eta etorkizunean gazte independentisten kontrako sarekada gehiago gerta ez daitezela exijitzeko, itxialdia egingo dute Donostian, Gazte1+ez! plataformak deituta.
Ekainaren 6an ekingo diote itxialdiari, eta azken lau urteetan errepresioa eta espetxea gertutik ezagutu duten gazteak izango dira bertan protagonistak. Protestari bukaera festa giroan emateko, hilaren 11rako, larunbata, kontzertuak antolatu dituzte Usurbilgo frontoian. Arratsaldeko 18.30ean izango da egitarauari hasiera emango dion ekitaldi politikoa, eta ondotik, eta goizeko ordu txikiak arte, Betagarri, Esne Beltza, Kaotiko, Vendetta eta Ze esatek! musika taldeek girotuko dute gaua.
Jaialdia egingo duten frontoian bertan eskaini zuen atzo agerraldia Gazte1+ez! plataformak. Goizane Pinedok eta Eñaut Aiartzaguenak hartu zuten hitza; biak, lagun dituzten beste dozenaka gazteen moduan, «Segiko kide» izatea egotzita atxilotuak eta espetxeratuak izan ziren.
Orain Gazte1+ez! plataformako kideak dira denak, eta izenak berak dioen moduan, gazte baten atxiloketa bakar bat gehiago ere ez dutela onartuko lau haizeetara zabaltzeko bildu dira.
Zehazki, Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoaren aldeko apustu argia egin zuten agerraldian; eta gazte proiektu oro, independentzia eta sozialismoa barne, gauzagarri diren agertokia sortzeko lanean jarraituko dutela berretsi zuten. Era berean, euren aburuz tortura eta tratu txarrak ahalbidetzen dituen inkomunikazioaren abolizioa galdegin zuten, baita zerrenda beltzen eta euroaginduak bezalako neurrien desagerpena ere.
Agerraldian gogora ekarri zutenez, Auzitegi Goren espainolak, 2007ko urtarrilean, Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeak «erakunde terroristatzat» jo zituenetik, 230 gaztetik gora izan dira «Segiko kide» izatea egotzita atxilotutako gazte independentistak. Horietako askok gainera, inkomunikazioak iraun bitartean torturatu egin zituztela salatu zuten, eta 132k espetxea ezagutu dute.
Era berean, Ipar Euskal Herrian ere gazte andana atxilotu izana gogor deitoratu zuten.
Gogor kritikatu zuten atxilotu ondoren gazteek inkomunikazio egoeran emandako denbora, eta horren atzean helburu politikoak daudela adierazi zuten; «autoinkulpazioak lortzeko edota gure kide eta lagunekin zerrenda beltzak osatzeko», salatu zutenez.
Azken urteetan gazteriari eragindako errepresioa ez da, haien ustez, ustekabean gertatu. Egungo gizarteak krisi ekonomikoaz gain, «krisi sozial eta ideologikoa» sufritzen duela deritzote eta Euskal Herrian gainera, gatazka politikoari irtenbidea eman nahian prozesu demokratikoa abiatu izanak ere zerikusia baduela uste dute. «Aldaketaren atarian, sektore konprometitu eta aktiboena kolpatu dute. Gazteok berezkoa dugun izaera errebelde, inkonformista eta iraultzailea, guk dugun sormenak beldurra eragiten die boterean daudenei. Gu gara aldaketaren motorra, herri honen oraina eta etorkizuna», adierazi zuen Pinedok.
Polizia operazio hauen atzean «gazteen artean beldurra zabaltzeko eta disidentzia politikoa desaktibatzeko asmoa» dagoela ohartarazi zuten gazteek. Gazte1+ez! plataforma ez dago prest, ordea, gazteen kontrako eraso gehiago jasateko, eta hori aldarrikatzeko antolatu dute Donostian egingo duten itxialdia.