Julen MURGOITIO
Gaixo gu? Mediku txarra!
Azken erradiografia pasa den igandekoa izan da. Hauteskundeak, finean, horixe baitira, komunitate baten gorputzari unean une egindako erradiografia. Momentu horretako gorputz osasuna barru-barrutik islatzekoa. Eta bai, arrazoia zuten beheko Estatuaren klase medikokoek, gure gorputza kutsatuta dago, goitik behera kutsatuta egon ere, gorputz-adarrak barne; eritasun infekziosoa. Erradiografia lekuko. Minbizia gorputzaren lurralde guztietara zabaldua, nonahi, bizitzeko mina inoizko ageriena dela. Eta hauxe kolpea! minbizia geuk izan eta kimioterapia eurek hartu behar! non eta planeta urdineko orbanik urdinenean hartu behar ere. Hortaz, poeta andaluz handiak idatzia utzi zuena gogoan: gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea. Bai, hildako hau oso osasuntsu dabil.
Batu gaitezen! aldarrikatu zuten batzuek Gipuzkoan, erradiografia egin aurreko testetan. Eskerrak ez zitzaiela otu Bildu gaitezen! aldarrikatzea, akabua gero!. Tira, harira! ez dakit horiek ez ote diren orain egongo Azkueren hiztegia eskuan batu aditzaren adiera desberdinak aztertzen irtenbideren bat bilatu nahian, konponbidea ez izan arren. Gauza jakina baita ez dela berdin batzuekin batu edo, kasurako, oposiziora batu. Euskara pil-pilean egunotan hainbat sukaldetan, zer-nori-nork sistemaren ordena guztiak jorratu nahian. Eta guztion eltzeak bor-bor, erradiografiak berotu duen suan. Hortaz, sutan jartzean probatzen da nolakoak diren eltzeak. Berotegi efektua. Klimaxaren aldaketaren atarian gara, zeharkatu dezagun!. Bai, Bilduren eltzea bera ere dago sutan, halabeharrez; urratsak hotzean gizentzeko garaiak datoz, ezinbestean, behegaina sabaia izan ez dadin.
Aldaketak datoz mundura... Internazionala kantatzen ikusi omen zituzten jelkideek bilduzaleak plazan. Erradiografia eskuan, hurrengo hauteskundeak prestatzen hasiak dira, solfeoa ikasi eta ukabila jasotzeko ikastaroak biltzokirik biltzoki. Helburua, Musikene bereganatzea, zentro hori estrategikoa delako, zer esanik ez!. Bai, es-tra-te-gi-ko-a!, ukitu ezinezkoa. Berdin die Pasaiako eko-portua zabaleraz eta aurrekontuaz erdira, momentuz, jaitsi izanak, lehen beste estrategikoa izaten segitzen baitu, erdiestrategikora jaitsi gabe!. Hortaz, estrategia berria behar da estrategikoa definitzeko. Atez ate.