Basterretxearen obrak ikusgai Senpereko Larraldea etxean
Artistak berriki eginiko beirateak, «Mexico» serieko zuriz tindaturiko burdinezko eskulturak, azteken artean inspiraturikoak, eta «Leihoak» serieko lanak, besteak beste, ikusgai daude Larraldea baserrian, ekainaren 5era arte. Orotara, Basterretxearen hogeita hamar obra bildu dira.
Ainize BUTRON |
Senpereko Amotz auzoan dago Larraldea, Nestor Basterretxea euskal artistaren obrei ateak zabaldu dizkion XVI. mendeko etxaldea. Eta datorren ekainaren 5era arte hor egongo dira, etxe erraldoi horretako bigarren solairuan ikusgai.
Andoni Iturrioz Larraldea kultur etxearen jabe eta sustatzailearen esanetan, etxearen eta artistaren arteko lotura Lapurdi 1609-2009 egitasmoaren bidez sortu zen, hain zuzen ere, sorgin ehiza aipatzeko antolatuak izan ziren ekimenen bidez. «Garai horretan baserria ezagutu zuen, eta, erran zidan: nik ere eginen nuke zerbait hemen. Eta, horrela erakusketa antolatzea erabaki da», argitu zuen.
Ezkaratz erraldoi batean barnatu ondoren, baserriko bigarren solairuko hiru geletan zabaltzen zaizkio bisitariari Nestor Basterretxearen hogeita hamarren bat obra. «Lapurdi 1609-2009 proiekturako ekimenak antolatu genituelarik hainbat hitzaldi, emanaldi eta erakusketa antolatu genituen. Baina, oroigarri gisa, Senpereko plazan zerbait kokatu behar genuela pentsatu genuen», gogoratu zuen Iturriozek.
Basterretxeak sorgin ehizaren testigantzak bizirauteko egin zuen eskultura Senpereko plazan dago dagoeneko, eta artistaren eta Senpere herriaren arteko lotura biribiltzen du maiatzaren 5era arte Amotzen izango den erakusketak.
«Iaz egin behar izan genuen erakusketa, baina, garai berean Seguran zegoen; beraz gibelatu genuen aurtengo udaberrira», zehaztu zuen, berriz, Iturriozek.
Marrazkiak, collageak...
Nestor Basterretxeak Larraldea baserrira ekarri dituen obrak, 2011. urte hasieran Donostiako Kur galerian hiru hilabetez ikusgai jarriak izan dituen obra berberak dira. Horrela, hogeita hamar marrazki, collage eta eskultura azaltzen dira. Duela berrogei urte eginiko obrak eta azken urteotakoak bilduak dira horma eta gela hauetan.
«Artistaren bizitzaren etapa ezberdinak zeharkatzen ahal dira erakusketa honekin», goraipatu zuen Iturriozek. Lehenengo gela batean, izan ere, artistaren collageak dira nagusi, eta, horien artean Beasaingo urtegiaren proiekturako egindako marrazkia ikus daiteke.
Bigarren gelan barnatzerakoan, berriz, 1956an eginiko marrazkiak, berrikitan eginiko zuri-beltzeko collage geometrikoak eta beirate koloretsuak elkartuak dira.
Baina, erakusketan bildutako obra esanguratsuenak azken gela batean kokatuak dira. Nestor Basterretxearen «Cosmogonia Vasca» serie ospetsutik ateratako zurezko hiru eskultura eta 1992. urteko zuriz tindaturiko burdinazko eskulturak, azteken artean inspiraturikoak, nagusitzen dira bertan. Azkenik, hormetan, 2007an eginiko «Leihoak» eta margo geometrikoak biltzen dira.
Erakusketa ikusi nahi duenarentzat, Larraldea etxeko ateak asteazkenetik igandera zabalik dira, 16.30etik 20.30era.