GARA > Idatzia > Mundua

Bere ospeak ukiezin segitzen duen argituko du gaur Silvio Berlusconik udal bozetan

Gaurko eta biharko udal bozetan Italiako gobernuburuak ez ditu aurreikuspen guztiak bere aldeko, bere eskuetan izan diren zenbait gotorleku galtzear egon baitaiteke; Milan eta Napoles, esaterako. Berak, ordea, ohiko bidetik segitzen du, aurkari dituenen kontra irainak jaurtiz.

p036_f01_199X99.jpg

GARA |

Udal hauteskundeetako bigarren itzulia egingo dute gaur eta bihar Italiako hainbat herritan, eta emaitza negatiboa izanez gero, Silvio Berlusconi lehen ministroak larriki kaltetua ikus lezake bere ospea. Izan ere, agintariak berak aitortu bezala, bere agintzeko modua ezbaian jarriko duen erreferenduma dira, neurri handi batean, udal bozketa hauek.

Momentuz, halaber, ezin esan datuak aldeko dituenik, hainbat urtez bere alderdiaren, Askatasunaren Herriaren eskuetan izan diren hainbat gotorleku galtzear egon baitaiteke. Milango kasua da horietan nabarmenena; Letizia Moratti hautagaiaren aldekoak gogor aritu beharko dira lehian hogei urteetako nagusigoa arriskuan ez ikusteko, ezen, maiatzaren 16ko lehen itzulian botoen %41,58 besterik ez zituen bildu, Alderdi Demokratikoko Giuliano Pisapiak jasotako botoen %48,04ren aldean.

Honezkero errealitatea dirudiena saiheste aldera, bereak eta bi esan ditu agintari italiarrak, ohikoak dituen deskalifikazio eta iseka adierazpenak baliatuz; Milanen Alderdi Demokratikoa gailenduz gero, «gitanopolis islamiko» bat bihurtuko dela esatera ere iritsi da: «Milan Italiako Stalingrad bihurtzen bada, kalte larria egingo dio herrialde osoari, baina, bereziki, milandarrei. Ezkertiarren aldeko botoa ematen duenak ez du garunik», ziurtatu du. Hala ere, hautagai guztientzat izan du zer esan; Napolesko Baloreen Italia alderdiko Luigi de Magistris kandidatua «demagogoa eta zalapartari politikoa» dela esanez ere definitu du.

Kontua da, arian-arian egiten ari diren udal hauteskunde hauek ezbaian jarri dutela Berlusconiren hegemonia; 1.315 udaletatik 87tan joan izan behar baitute bigarren itzulira, horien artean hamahiru hiriburu daudelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo