GARA > Idatzia > Mundua

Adostutako irtenbide baten alde egin du FARCek, pare bat eraso gauzatu ostean

Beste hainbatetan egin duten legez, gatazka armatuari irtenbide politikoa ematea ezinbestekoa dela nabarmendu dute gerrillariek euren 47. urteurreneko agirian. Gobernuak ere bere ildoari eutsi dio, FARCek proposatutako bahituak trukatzeko aukerari ateak irmoki itxiz.

GARA |

Kolonbiak bizi duen gatazka armatuari irtenbidea emate aldera, irtenbide politiko eta zibilizatuari inoiz ez diola iskin egin ziurtatu dute FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek, eta hori gauzatu dadin, Juan Manuel Santosen Gobernuari ahaleginak egin ditzan eskatu diote. Horixe jakinarazi zuen atzo gerrillari taldeak, sortu zeneko 47. urteurrenaren karietara kaleratutako oharrean.

Taldearen indarra maila gorenean dagoenean plazaratu dute adierazpena, gainera, herenegun, bost lagun hil baitzituzten ustez eurek burututako bi erasotan; Arauka departamenduan gauzatu zuten horietan lehena, eta hiru soldadu hil eta beste sei larri zauritu zituzten. Bigarrena, berriz, Antioquia departamenduan jazo zen; udal bozetarako bi hautagai bahitu eta horren ostean akabatu egin zituzten.

Negoziaketa ororen oinarrian, dena dela, giza-akordio bat egon beharko litzatekeela azaldu du FARCek, «erregimenaren kartzeletan bahituta dauden preso politikoak zein etsaien eskuetan diren gatibuak askatzea» ahalbidetuko duena.

Uneotan, iturri ofizialek dakitela, hamazazpi polizia eta soldadu daude gerrillarien eskuetan; FARCek trukerako elementutzat hartzen ditu horiek, haien askatasuna Gobernuak hartzen dituen neurrien araberakoa izango dela argi utzita, betiere.

Izan ere, ez da Gobernuari keinuren bat egiteko eskatzen dioten lehendabiziko aldia; joan den otsailean ere, bahitutako bost gerrillari aske uzteko aukera profitatu eta gatazka armatuari irtenbide politikoa emango zioten elkarrizketei ekitera dei egin zioten. Santosen gobernua irmoa izan da zentzu horretan, eta «bakearen alde, hitz gutxiago eta ekintza gehiago» egin ditzala exijitu izan diote gerrillari taldeari.

Ildo horretatik okertzeko inolako asmorik ez dutela argi utzi zuen atzo ere Kolonbiako Barne eta Justizia ministro German Vargas Llerak, trukaketarena itxitzat jotzen duten gaia dela adieraziz.

Eliza katolikoa, bitartekari

FARCek bahitutakoak aske utz ditzan bitartekari lana egin izan du Eliza Katolikoak, eta ate guztiak ez ditzala itxi aholkatu dio Santos presidenteari, batik bat, aurkari dituenen ekimena izan denean. «Beti mantendu behar da ate bat zabalik, bizitzak salbatzeaz ari baikara», azaldu zuen atzo Magange elizbarrutiko buru Leonardo Gomez Serrak. Horregatik, erne mantendu eta gerrillariek ematen dituzten urratsei erreparatzeko eskatu dio Gobernuari, «uneotan, gatazka konpontzeko bideragarria den aukera bakarra baita».

antioquia

Antioquia departamenduko gobernadoreak FARCek egin ditzakeen erasoez babesteko segurtasun neurriak zorroztea ebatzi du, gerrillariek duela pare bat egun bi udal hautagai hil ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo