Juan Luis Goenaga txikitako koadroetara itzuli da
Kazetari guztiak batera sartu ginen Ekain Arte Lanak galeria txikian, Jose Luis Goenaga margolariaren erakusketa ireki bezain pronto, atzo goizean. Koadro horizontalak ikusi genituen hormetatik zintzilikatuta, egunsentiko argiek ernatutako mendiko edo kostaldeko paisaiak.
Maider IANTZI
Bere lanik berrienekin osatu du artistak Donostiako Alde Zaharreko «Paisaiak» erakusketa, bihartik uztailaren 23ra arte bisitatzen ahalko dena. Badira joan den urte bukaerako sorkuntza batzuk, eta gehien-gehienak aurtengoak dira, fresko-freskoak, margo usaina ere badutenak oraindik. Aitzineko obrekin konparatuta, argitasun gehiago dute. Eguneko bertze ordu batzuk agertzen dira, goizeko argia.
Koloreen paleta aldatu du Juan Luis Goenagak, eta, azaldu zigunez, erronka bat du batez ere: zuria nola sartu. Olio-pinturak egin ditu bere jaioterriko, Donostiako, nahiko gai topikoekin. Bertze era batera ukituta, ordea. Hondartzak, portuak, mendiak... ikusiko ditu Ekain Arte Lanak galeriara etortzen den bisitariak, elurraren zuriaz bustita batzuk. Figurek kolore biziagoak gaineratzen dizkiete zuriari eta grisaren ñabardurei.
Orbanetatik abiatuta, figurara ailegatzen da Goenagaren pintzela. Berez koadro abstraktuak dira denak, nahiz eta ikusleak Kontxa, zuhaitz bat edo animaliak antzeman. Azken batean, margotzeko aitzakia bertzerik ez dira elementu hauek sortzailearentzat.
Anitz ezagutzen dituen paisaiak margotu ditu, sarri ibilitako lekuak. «Hondartza hori, adibidez, txikitatik ezagutzen dut», erran zigun koadro bat seinalatuz. Gauza bera gertatzen da mendiekin. «20.000 aldiz margotuta ere, berdin da», baieztatu zuen.
«Pintatzea tentsio izugarria da. Noizean behin, zerbait ikusten dudanean, poza hartzen dut, baina normalean tentsio handia bizi dut. Batzuek esaten dute pintatzeak erlaxatu egiten dituela; ni ez behintzat».
Tentsioak tentsio, gustura zegoen erakusketarekin. Berarentzat, jarrita ikustean bukatzen da koadro bat. Bertzela, segi eta segi egin dezake. Eguneroko lanean sinesten du eta ahal dela egunero margotzen du, ordu anitz ematen du horretan. «Pintura nire bizitza da, margotzea niretzat beste esku bat bezala da. Beti ari naiz pintatzen, estudioan, kanpoan, beti ari naiz pintatzen begiekin».
Ondoan zuen Idoia emazteak kontatu zigunez, Donostian paseatzen dabiltzala, arroka bat ikusi eta nola margotuko lukeen pentsatzen hasten da. Zerbaitek arreta ematen badio, argazkia ateratzeko eskatzen dio Idoiari. Hori aitzakia bat da. Badaki nondik hasi, zer kolore erabili, baina gero margoak berak eramaten du.
Margoak agintzen du
«Pintura oso gauza organikoa da eta berak agintzen du. Ez noa zerbaiten bila. Pintura ez da literatura, bere problemak dauzka». Bost urte zituenetik izan da margolaria; erran zigunez, orduan ez zekien erantzuten ea zer bilatzen zuen pintzelkadaz pintzelkada; orain ere ez daki. Margotzen hasi zen garaia orain bezala oroitzen du, berdin-berdin. «Bost urterekin egindako koadroa hondartza baten ingurukoa da, figura txikiekin osatua, gaurkoen oso antzekoa. Txikitako lanetara bueltatu naiz».
Umeak bezala pintatzeko bizi osoa behar dela erran zuen norbaitek, eta ados dago horrekin donostiarra. Bere ustez, askatasun hori lortzeko 50 urte eman behar dira margotzen, eta horregatik, artisten koadrorik onenak azkenekoak dira, 80 urterekin eginak. Hori gertatzen da Goyatik Picassora. Bere burua ere hobetzen ikusten duen galdetuta, honela erantzun zuen: «Behin ere ez dakizu. Baina teknika gehiago menderatzen duzu».
Egun batzuk daramatza pintatu gabe, erakusketa hau prestatzen ibili delako buru-belarri: sinatzen, zein lan ekarri eta zein ez erabakitzen, antolatzen... «Estudioan aukeraketa bat egin nuen, baina hemen beste bat», argitu zigun. Baina seguru ez dela denbora sobera igaroko begiekin etengabe margotzen ari den pintore honek pintzela berriro hartu arte.