GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Garaiz kanpoko herrak

Garaiz kanpoko herra-antzezpenak beti izan dira higuingarriak, baina informazioaren gizarte edo dena delako honetan, lotsaizun gertatzen dira. Auzo-lotsaz bederen

Agure elbarri bat -perlesiak jota besoa, bihotzeko baten ondorioak begi-bistan dituela- atxilotu dute Vojvodinako herrixka batean, ahaide baten etxean, duela hogei urte egin zituen gaiztakerien segizioan... eta Europa osoak lasaitua hartu duela ematen du. Bejondeigula. Gutxirekin asetzen garela esan liteke.

Ez dakit egungo Serbiako agintariei ezertarako balioko dien Ratko Mladicen kondarrak Hagako epaitegiaren (eta erietxeen) esku ipini izanak: Europar Batasunean, eta batez ere euroan, sartzea ez da oraintxe bertan munduko negoziorik biribilena. Baina bistan da kostua ere ez dela sekulakoa izan. Otso zaharren patua da, alde horretatik.

Apustu egingo nuke, bestalde, Cot, Janvier, MacKenzie, Morillon, Briquemont, Rose edota Smith jeneral frantses eta britainiarrei ez diela graziarik egingo hainbatetan mintzaide, itun-kide eta, batzuetan, parranda-kide izan zuten Mladicen epaiketan, gutxienez, lekuko legez agertu eta argibideak eman beharrak. Zer esanik ez, Karremans koronel herbeheretarraren kasuan. Baina honen hitza behintzat ezinbestekoa izango da Srebrenicako sarraskia zertxobait argitu nahi bada epaimahaiaren aurrean; eta ziur nago Mladicek ezkutatuta eman dituen urte hauetan haren autojustifikaziozko liburua irakurtzeko beta hartuko zuela... Ez dakit argitasun berririk lortuko ote dugun, baina iluntasun zaharrak gogoratzeko aukera izango dugula, apustu baietz.

Begira jarraitzeko gogoa ere erabat galtzen ez badut izango da hori nire kasuan. Atxiloketa dela-eta, ingurumari hauetako hedabideetan sumatu dudan adjektiboen puzgoak eta erdeinuzko kalifikazioen desmasiak okatu egin bainau jada. Zer ez da esan Mladici buruz... orain?

Eta hortxe datza lehen koska, niretzat behintzat. Orain hain ozenki Mladici aurpegiratzen zaizkion horiek guztiak ez zitzaizkiola ahapeka eta itzulinguruka baino leporatu -zuritu ez zizkiotenek- bere garaian. Sarraskiak gertatzen ari zirenean, hilotzak oraindik epel zeudenean. Hemerotekak pittin bat arakatzea nahikoa da, 1991-1995 bitartean hari buruz esan eta idazten zena zein desberdina zen kausitzeko. Garaiz kanpoko herra-antzezpenak beti izan dira higuingarriak, baina informazioaren gizarte edo dena delako honetan lotsaizun gertatzen dira. Auzo-lotsaz bederen.

Bada, bai, Mladici buruz esan ez den zerbait; eta horrek ere ez dit hobetzen aldartea, hori behintzat argi esan behar zaiolako Lazarevoko agureari: militarki inkonpetente hutsa izan zela. Eta inkonpetentzia horren ondorio izan zirela, hein batean, berak eta bere agindupekoek egin zituzten basatikerietako asko.

Ez dira gerra zibilak abagune aproposenak izaten jeinu militarrak sortu edota garatzeko. Bosniako gerrak, salbuespenen batekin, eredu horri eutsi zion, alafede. Baina Bosniako gerran lehiatu ziren inkonpetente guztietan inkonpetenteena, dudarik gabe, Ratko Mladic jenerala izan zen. Erabateko nagusitasun militarra zuelarik sutu zuen gerra hura irabazi gabe (hots, estrategikoki galduz, geroztik ikusi ahalko zuenez) amaitu behar izan zuelako. Lau urte igaro eta ehun mila herrikide hil ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo